Erreportajeak

"Gure trena", berriro jende artean

Gorka Eizagirre - Ihintza Elustondo - Usua Garin 2026ko urtarrilaren 17a

2026an ehun urte beteko dira Urolako trena martxan jarri zutenetik, eta urtemuga hori tarteko, horixe da San Sebastian eguneko haurren danborradan aterako duten karrozaren gaia: Urolako trena. Proiektu horren inguruan hitz egin dute Arte eta Diseinu Ikastegiko irakasleek, Juanjo Olaizolak eta Fermin Lasak.

Duela ehun urte, 1926an, egin zuen aurreneko bidaia gerora bailarako herritar askoren ohiko garraiobide bilakatuko zen Urolako trenak. Azpeititik Zumaiara, handik Zumarragara... joan-etorri ugari egin zituen trenak urteetan, eta bidaia horien aitzakian istorio asko gorde ere bai tren historikoak. Duela 40 urte egin zuen azken joan-etorria trenak, eta gaur egun museo bilakatuta daude haren arrastoak Azpeitian; Burdinbidearen Euskal Museoan aurki daiteke garraiobide hari lotutako informazio guztia. Geldirik dago trena, baina haren memoriak bizirik jarraitzen du. Eta hala jarraituko du San Sebastian egunez ere. 

Izan ere, otsailean beteko dira ehun urte trena inauguratu zutenetik, eta urtemuga hori tarteko, horixe izango da San Sebastian eguneko haurren danborradan aterako duten karrozaren gaia: Urolako trena. Aurrenekoz, Arte eta Diseinu Ikastegiko (ADI) irakasleek gauzatuko dute karroza, eta haiek adierazi dute pozez daudela. Fermin Lasa treneko azkenetako langilea eta Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendaria ere ezin gusturago daude karrozan hain maitea zuten tren hura irudikatuko dutelako. 

ADI, aurreneko aldiz

Mikel Sanjuan ADIko irakasleak adierazi duenez, iaz aurkeztu zuten aurrenekoz sansebastianetako karroza lehiaketara proiektua, baina ez zuten irabazi. Aurten berriro animatu dira, eta beren egitasmoa aukeratu dute. "Sekulako poza hartu genuen irabazleak ginela jakitean. Oso-oso gustura gaude. Lan handia izango da, baina egingo dugu", esan du. 

Miriam Quintana ikastegiko irakasleak jakinarazi du hiru lagunen artean egingo dutela karroza; hau da, ADIren ardura duten hiru irakasleek gauzatuko dute: Quintanak berak, Sanjuanek eta Beatriz Pozok. Pozo batez ere planoez, neurriez eta halako kontuez arduratu da, eta Sanjuan eta Quintana, berriz, dekorazioaz, margotzeaz eta abar. Hori bai, zenbait profesionalen laguntza ere izango dute. "Arotz kontuetan Eitenek lagunduko digu, eta margotzerakoan, berriz, Urbistondokoak izango ditugu ondoa". 

Karrozaren xehetasunak ezin izaten dira gehiegi iragarri, sorpresak ere bere lekua izan dezan San Sebastian egunez. Dena den, Quintanak haren zenbait ezaugarri aurreratu ditu: "Karrozan Urolako trenaren jatorria islatzea nahi dugu, baita bere ibilbidea nolakoa izan zen erakustea ere. Hori da gure ideia. Seguru polita geldituko dela", azaldu du. Burua gora eta behera mugituz nahiz irribarre eginez, halaxe izango dela baieztatu du Pozok ere. 

Une honetan, bi proiektu potolo dituzte esku artean ADIkoek: Egurnika eta karroza. Ez dute atseden hartzeko denbora askorik izango 2026. urtean, baina gogoz heldu diote erronkari: "Dena batera iritsi da, baina pozik gaude", nabarmendu dute. 

Urolako tren zaharraren irudi bat. 

"Oroitzapen politak"

Urolako treneko azken langileetakoa izan zen Fermin Lasa, eta zirrara eragin dio hari karrozaren kontuak. Orduan "makinista" esaten zitzaion bere ogibideari. "Gaur egun gidaria esaten da, baina ni treneko makinista nintzen". Zazpi urtez aritu zen lan horretan. "Zumaiatik Zumarragara arteko bidea egiten genuen: goizean Azpeititik irteten genuen; lehendabizi Azkoitira joaten ginen, eta handik Zumaiara. Azpeititik beste tren bat irteten zen Zumarragara, eta horrela ibiltzen ginen, gelditu ere egin gabe, gora eta behera", gogoratu du.

Gustuko lana zuela aitortu du, eta "oroitzapen politak" gordetzen dituela. "Giro polita genuen geure artean, eta lagunarte polita egin genuen. Pena hartu nuen Urolako trena desagertu zenean", adierazi du.

Lasak bakarrik ez, herritar askok ere tristura handia sentitu zuten trena desagertu zenean, sekulako garrantzia izan zuelako eskualdean garraiobide horrek. "Jendeak lehen 'gure trena' esaten zion Urolako trenari, eta maite zuen trena. Manifestazio jendetsuak egin ziren galdu zenean", gogoratu du Lasak sasoi hura. Hark uste du jendeari gustatuko zaiola karrozan tren hura gogora ekartzea. "Gaurko gazteek ez zuten ezagutu, baina zaharrei uste dut gustatuko zaiela", esan du. Bera hunkituko al den galdetuta, zera dio: "Oroitzapen politak ekarriko dizkit burura. Polita izango da".

Lehena eta etorkizuna

Karroza jende artean izateko egun gutxi falta direla, Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak Urolako trenak izan zuen garrantzia nabarmendu du. "Garrantzi handia izan zuen, bailara munduarekin lotu zuelako". Dena den, Urolako trena "nahiko berandu" iritsi zela adierazi du. "Ordurako bazeuden automobil batzuk, baina oso eskasak, bakarrik aberatsentzat. Bazegoen, era berean, autobus bat, hemendik Arroara joaten zena, han trena hartu eta Donostiara joateko. La Guipuzcoana ere orduan hasi zen bere autobusekin, baina pentsa, bi ordu eta erdi behar ziren Azkoiti-Azpeititik Donostiara joateko", azaldu du 1926ko testuingurua Olaizolak. Errealitate horretan, trena "kalitatezko garraio bat" izan zela azpimarratu du, herritarrak inguruko herri eta hirietara eramateko modua egin zuena: "Herritarrei aukera eman zien Donostiara, Bilbora, Gasteizera, Iruñera, Madrilera, Bartzelonara... iristeko". 

Halako inportantzia izan zuen trena San Sebastian eguneko karrozarako gaia izateak sekulako poza eman dio museoaren arduradunari. "Noski eman didala poza. Museoan jasotzen dugu tren horren memoria, eta haren ehungarren urteurrena ospatzea oso ondo iruditzen zaigu", dio. San Sebastian egunez karroza ikustera joango al den galdetuta, ez du zalantzarik egin. "Noski han izango naizela", esan du. 

Hala eta guztiz ere, ez du uste antzinako gauza bat bailitzan landu behar denik trenaren irudia, baizik eta etorkizunera begira ere bai. "Uste dut jendea ahaztu egin dela Urolako trenaz. Azken hauteskundeetan, talde bakar batek ere ez du bere programan ezer esan trenari buruz. Orain ikusiko dugu Donostian zer aldaketa izango dituzten trenean, eta ikusiko dugu nola zarauztarrak, zumaiarrak, joan daitezkeen trenean unibertsitatera, Antiguora, hondartzara, Anoetara... Eta zestoarrak, azpeitiarrak, azkoitiarrak ezingo dira joan. Uste dut horrek inbidia emango digula, eta orduan hasiko garela galdetzen: 'Zergatik ez guk?'". 

Haren arabera, "pena handia" izan zen trena galtzea, eta horrek "kalte handia" eragin zuen bailaran. "Orduan errepide berria nahi genuen Azkaratetik Elgoibarrera joateko, autopista Bilbora joateko, Arroara... Errepide horiek beren papera bete dute, baina nahi badugu benetan mugikortasun jasangarria izatea, trena da ingurugiroa gehien errespetatzen duen garraiobidea. Uste dut gogoratu egin behar garela tren honekin, ez bakarrik eduki genuelako, baizik eta berriro eduki dezakegulako", adierazi du Olaizolak.

Trenaren ehungarren urtemugari lotuta, badute proiektu berri bat esku artean Burdinbidearen Euskal Museoan: trenaren motor zaharra berreskuratzen ari dira, Olaizolak jakinarazi duenez. "Egurrezko bi kotxe berreskuratuta ditugu, baina falta zaigu motorra zaharberritzea. Urolako trenaren motor zaharra berritzea nahi dugu, jendeak ikusteko nolakoa zen tren hura".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide