Inoizko danborradarik jendetsuena izango da aurtengo San Sebastian bezperako danborrada, izan ere helduen 33 danbor taldetan banatuta, 1.700 herritarrek irtengo dute danborradan urtarrilaren 19an, 22:00etan. Horietatik bi talde aurten estreinatuko dira, Vivero eta Iturri. Gauerdian, danbor-jotzaile denak herriko plazan elkartuta daudenean, eta udaletxeko balkoian herriko bandera igo ondoren, Irrintzi taldeak omenaldia jasoko du. Hain justu, talde horrek 50 urte bete ditu aurten danborradan parte hartzen.
San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, hamar taldetan banatuta, 500 haur baino gehiagok irtengo dute danborradan, 12:30ean Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik abiatuta. Urtero bezala, danborradaren atzetik karroza aterako dute; aurtengoa, Urola trenari buruzkoa izango da, Arte eta Diseinu Ikastegikoek egindakoa.
Sokamuturrik ez da izango aurtengo sansebastianetan, azken uneko aldaketarik ez bada behintzat. Izan ere, dermatosi nodular kutsakorra hedatu ez dadin Eusko Jaurlaritzak debekatuta ditu abere azokak eta haiekin egiten diren ekitaldiak, gutxienez otsailaren 26ra arte. Jaurlaritzak zehaztutakoaren arabera, foru aldundiek aukera izango dute ekitaldi batzuetan animalien presentzia baimentzeko, betiere dermatosiak eragiten ez dien abereak badira eta segurtasun neurri zorrotzak hartzen badira. Hain zuzen ere, legeak baimentzen duen aukera hori baliatu nahian, Zezen Beltz elkarteak eskaera helarazi zion diputazioari abenduaren 30ean, eta erantzunaren zain daude.
San Sebastian egunez, zesta-punta eta ikuskizuna
Danborradez gainera, sansebastianetarako egitarau betea prestatu du Azpeitiko Udalak, eta berrikuntzak ere gehitu ditu aurtengorako. San Sebastian egunean, esaterako, arratsaldean zesta-punta jaialdia izango da Izarraitz pilotalekuan eta Soreasu antzokian familiei zuzendutako ikuskizuna izango da.
Zesta-punta jaialdian Jai Alai Winter Series desafioa jokatuko dute urtarrilaren 20an, 18:00etan hasita, Izarraitzen. Lehen partidan, Helena eta Frida bikotea Maite eta Maialen bikotearen aurka ariko dira. Segidan, Erkiagak eta Lekerikak Urrestiren eta Lopezen aurka jokatuko dute. Dagoeneko sarrerak salgai daude honako helbidean.
Horrez gain, San Sebastian egunean, haur eta gazteei zuzendutako ikuskizuna izango da, 17:30ean hasita, Soreasu antzokian.
Aurten, San Sebastian eguneko bandera jaitsierako danborradan, honako sei taldeek irtengo dute: Iturri, Vivero, Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza. 23:15ean hasiko da bandera jaisteko danborrada.
Aurrenekoz, barrakak
Inoiz ez bezala, aurten barrakak ere jarriko dituzte sansebastianetan. Perretxikoa zeneko, Jose Artetxe kaleko, aparkalekuan jarriko dituzte tiobiboak. Ostiraletik San Sebastian egunera bitartean egongo dira irekita barrakak; alegia, urtarrilaren 16an, 17an, 18an, 19an eta 20an egongo dira zabalik. Zazpi atrakzio eta bi kaseta jarriko dituzte, eta 2,5 euro balioko du txartel bakoitzak.
Egun horietan, aparkaleku gisa egokituko dituzte Izarraizpe ikastolako Perdillegiko eta Iraurgiko jolastokiak.
Egitaraua:
Urtarrilaren 19a, astelehena. San Sebastian bezpera.
- 22:00. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda.
- 00:00. Danborradako talde guztiak herriko plazan elkartuko dira, udaletxean bandera igotzeko.
Urtarrilaren 20a, asteartea. San Sebastian eguna.
- 09:00. Goiz eresia Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolarekin.
- 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeen, Udal Musika Bandaren eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
- 10:15. Udal ordezkariak Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira.
- 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
- 10:45. Meza nagusia, parrokian. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek eta Azketa ahots taldeak parte hartuko dute.
- 12:30. Haurren danborrada, karrozarekin, Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik irtenda.
- 17:30. Familientzako ikuskizuna, Soreasu antzokian.
- 18:00. Zesta-punta. Jai Alai Winter Series desafioa, Izarraitz pilotalekuan.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Bustinzuriko Errebaletik irtenda.
- 00:00. Bandera jaitsiera, plazan.