Bueltan da 'Habitat. Ezkutatu diguten historia' erakusketa

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 8a

Ikasle talde bat Beñi Agirreren azalpenak entzuten, gaur, 'Habitat. Ezkutatu diguten historia' erakusketan. (Urolako Napar Zuzterrak)

Gaurtik hilaren 16ra bitartean izango da ikusgai Betharramen Euskal Herriaren historiaren gaineko Nabarralderen esposizioa. Herriko ikasleei zuzendutako saioez gain, bisita gidatu irekia eskainiko du Beñi Agirrek urtarrilaren 14an.

Azpeitian da berriro Habitat. Ezkutatu diguten historia erakusketa ibiltaria. Urolako Napar Zuzterrak taldearen eskutik iritsi da hirugarren urtez jarraian Beñi Agirrek gidatutako Nabarralderen egitasmoa, Euskal Herriaren historia sarri ez hain ezagunaz gehiago jakin nahi dutenei zuzenduta.

Gaurtik hilaren 16a arte, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara irekiko dute erakusketa egunero Betharrameko udal aretoan. Horrez gain, herriko ikastetxe guztietako ikasle taldeak igaroko dira egunotan erakusketatik, Agirreren eskutik bertan erakusgai dagoen informazioa jaso dezaten. Herriko ikasleei zuzendutako saio horiez gain, bisita gidatu irekia eskainiko du Agirrek berak datorren asteazkenean, urtarrilaren 14an, 18:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide