Sansebastianak 2026

Danborradak udaletxeko balkoitik ikusteko zozketarako izen ematea ireki du udalak

Nerea Uranga 2026ko urtarrilaren 8a

San Sebastian bezperako danborrada udaletxeko balkoitik ikusita.

San Sebastian bezperako bandera igotzeko eta eguneko bandera jaisteko danborradak balkoitik ikusteko aukera izango dute zozketan izena eman eta hala egokitzen zaien herritarrek. Urtarrilaren 15era bitartean egongo da izena emateko aukera. Horrez gain, etxeko balkoiak apaintzeko sansebastianetako banderak gaurtik salgai jarrri ditu udalak.

Gertu dira sansebastianak, eta festa horiek prestatzeko buru-belarri dabiltza herritarrak, eragileak eta udala. Aurten ere, sansebastianetako helduen danborradak udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eman nahi die herritarrei udalak. Horretarako, izena ematen dutenen artean zozketa egingo du.

San Sebastian bezperako bandera igoerako eta eguneko bandera jaitsierako danborradak ikusteko aukera izango da udaletxeko balkoitik. Herritarren aldetik "eskaera handia" egon ohi denez, zozketa egingo du udalak izena ematen duten guztien artean. Sei izen aterako dituzte egun bakoitzerako, eta laguntzaile banarekin joateko aukera izango dute aukera egokitzen zaienek.

Zozketan izena emateko urtarrilaren 15eko 10:00ak arteko epea izango dute herritarrek. Izena emateko, mezu elektroniko bat bidali beharko dute udalzozketak@azpeitia.eus helbide elektronikora, honako datuak zehaztuta: izen-abizenak, harremanetarako telefonoa (zuzenean deituko zaie tokatzen zaienei) eta zein egunetako zozketan parte hartu nahi duten, hau da, urtarrilaren 19koan, urtarrilaren 20koan edota bietan. Telefono bidez ere egin dezakete eskaera herritarrek, 943-15 70 68 zenbakira deituta.

Banderak salgai

Sansebastianetarako etxeko balkoiak apaindu nahi dituztenentzat, berriz, udalak gaurtik aurrera salgai jarri ditu sansebastianetako banderak honako hiru saltoki hauetan: Agirre opari denda (Erdikalea, 1), Mendata (Urbitarte, 8) eta Kolpeka (Jose Artetxe, 14). 5 euro balio ditu bandera bakoitzak.

Umeen nahiz helduen entseguak datorren astean izango dira: urtarrilaren 13an (asteartea), 14an (asteazkena) eta 15ean (osteguna). Ohi bezala, Izarraitz pilotalekuan izango dira: haurrenak, 16:00etan hasita, eta helduenak, 21:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide