Urtarrila eta maiatza arterako Euskara bidegurutzean izeneko hitzaldi zikloa antolatu du Naziogintza taldeak, eta ekimen horren xehetasunak eskaini dituzte gaur, osteguna, Basazabal jauregian egindako aurkezpenean. Azaldu dutenez, lau solasaldi eta mahai inguru bat eskainiko dituzte, hilean bat, urtarrilaren 22an hasita. Euskarak gaur egun bizi duen egoeraren diagnostikoa osatzeaz gain, teoriatik praktikara igarotzea du xede egitasmoak: larrialditik pizkunderako bidea marrazteko proposamenak biltzea dute asmo. Saio guztiak Basazabal jauregian izango dira, 19:00etan.
Naziogintza taldeko Karmelo Landa eta Josu Albero nahiz Lere Sarasua eta Aitor Larrañaga udaleko kultura eta euskara sailetako zinegotziak izan dira aurkezpenean, eta azaldu dutenez, bost saioetan parte hartuko duten adituek euskarak egun bizi duen egoerari buruzko diagnostikoa egiten lagunduko dute, baina ez hori bakarrik: Euskara bidegurutzean zikloak euskarak bizi duen larrialdi egoeratik pizkunderako bidea egiteko eman daitezkeen pausoak aztertzea du itu, eta beraz, hizkuntzak dituen erronkak, aukerak nahiz mehatxuak arretaz aletuko dituzte.
Hona hemen hitzaldi zikloaren egitaraua:
- Urtarrilak 22. Euskararen etorkizun ikuspegia: nora goaz? hitzaldia, Jon Sarasua irakaslearen eskutik.
- Otsailak 25. Ipar Euskal Herriko egoera linguistikoari buruzko azalpena, Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko kidearen eskutik.
- Martxoak 18. UEMA, euskararen lurgunea josten hitzaldia, Miren Segurola UEMAko koordinatzailearen eskutik.
- Apirilak 16. Immigrazioak euskararengan duen eraginari buruzko mahai ingurua, honako hizlariekin: Iñaki Iurrebaso, Jon Sarasua eta Xabier Aierdi.
- Maiatzak 12. Euskarak Tolosan izan duen bilakaera arrakastatsuari buruzko hitzaldia, Kike Amonarriz soziolinguistaren eskutik.
Nazioa eta euskara, elkarreraginean
Naziogintza taldeak Abertzaleak izeneko zikloa egin zuen iaz, eta dinamika errepikatuko du aurten. Oraingoan, baina, euskarara destatu du begirada. Izan ere, taldeko kideek azpimarratu dutenez, erakundearen asmo nagusia da euskal kontzientzia nazionala hedatzea, eta horretarako, derrigor indartu behar da euskara, ziurtatu dutenez. "Elkarri eragiten diote; naziogintza egiteko modurik eragingorrena da gure hizkuntza indartzea, eta alderantziz", adierazi du Josu Alberok.
Horri lotuta, kezka konpartitu bat izan da Euskara bidegurutzean zikloa antolatzeko akuilu, Alberoren hitzetan, "inflexio puntu" batean aurkitzen baita euskara: "Azken hamarkadetan irabazitakoa galtzeko arriskua dago, hizkuntza politika eraginkorrak egiten ez badira". Karmelo Landak gaineratu duenez, badira hainbat arrazoi kezkatuta egoteko, besteak beste, euskararen transmisioaren ahultzea eta oldarraldi judizialaren eskutik azaleratu diren euskarafobiaren agerraldi "gero eta larriagoak".
Horiek, baina, arazo handiago baten "sintomak" direla zehaztu du Landak, eta Naziogintzak auziaren errora jo nahi duela iragarri du, kausak eta soluziobideak identifikatzeko. Lan horretan aritu dira, azken hiru urteetan bereziki, euskalgintzaren bueltako hainbat aditu, eta hain zuzen, erreferente horietako batzuk izango dira Azpeitiko hitzaldi zikloan parte hartuko dutenak: besteak beste, Iñaki Iurrebaso, zeinaren immigrazioari eta euskarari buruzko tesia "mugarria" izan zen Naziogintzaren iritziz; Jon Sarasua Euskaltzaindiaren Euskararen gogoetagunea proiektuaren koordinatzailea; ala Miren Segurola UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko koordinatzailea, zeinak pasa den urrian Azpeitian egin zuten Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean konferentzian jasotako ikasketak ekarriko dituen.