Abertzaleak izeneko hitzaldi zikloa antolatu du Naziogintza Taldeak, eta zikloaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte goizean Azpeitiko Basazabal jauregian egin duten aurkezpen prentsaurrekoan. Josu Albero eta Karmelo Landa Naziogintza Taldeko kideak izan dira aurkezpenean, Aitor Larrañaga Azpeitiko Kultura zinegotziarekin batera. Azaldu dutenez, abertzaletasunari lotutako bost hitzaldi eskainiko dituzte datozen hilabeteetan Basazabalen, hilero bana.
"Hitzaldi zikloaren helburua euskal abertzaletasunaren historian adierazgarriak izan diren bost lagun ezagutaraztea da. Abertzaletasunaren eremuan eragin handia izan zuten horiek, zaila baita gaur egungo euskal nazionalismoa ulertzea haien ekarpenak aintzakotzat hartu gabe", azaldu du Alberok.
Hori horrela, Aita Manuel Larramendi, Sabin Arana, Eli Gallastegi, Telesforo Monzon eta Txillardegi izango dituzte hizketagai, hurrenez hurren. Abenduaren 18an, urtarrilaren 14an, otsailaren 18an, martxoaren 19an eta apirilaren 29an eskainiko dituzte hitzaldiak, 19:00etan, Basazabalen. Saio horietako bakoitza aditu batek gidatuko du.
Hona hemen hitzaldi zikloaren egitaraua:
- Abenduak 18. Aita Manuel Larramendiri buruzko hitzaldia, Edurne Alegria itzultzailearen eskutik.
- Urtarrilak 14. Sabin Aranari buruzko saioa, Xabier Irujo historialariaren eskutik.
- Otsailak 18. Eli Gallastegi Gudariren inguruko saioa, Nerea Azurmendi kazetariaren eskutik.
- Martxoak 19. Telesforo Monzoni buruzko hitzaldia, Pako Sudupe idazleak gidatuta.
- Apirilak 29. Txillardegiri buruzko hitzaldia, Karmelo Landa historialariak eta Naziogintza Taldeko kideak gidatuta.
Karmelo Landa historialariak eta Naziogintza Taldeko kideak adierazi duenez, "aukeraketa ona" egin du taldeak abertzaletasunari lotutako bost pertsona horiek hautatuta. "Ez ziren pentsalari solteak izan, nolabaiteko lotura bat izan zuten elkarrekin, eta hori argi ikusiko da hitzaldietan".
Alberok azaldu duenez, euskal abertzaletasunaren historia, "ezezaguna" da gizarteko sektore zabal batentzat, "baita beren burua abertzaletzat jotzen duten askorentzat ere". Eragin handia izan duten abertzaleen biografiak, haien ekarpenak eta lan ideologikoa urte askoan "debekatu eta ezkutatu" izan direla azaldu du hark, eta "justizia egiteko, nahiz historia garaikidearen ezinbesteko erreferentzia intelektual eta politiko abertzale horiek ezagutarazteko garaia" dela gaineratu du.
Hitzaldi zikloaren bidez, bost erreferente horiek ezagutaraztea espero dute antolatzaileek. "Historia eta politika gaietan interesa dutenez gain, publiko orokorrarentzat ziklo erakargarria eta didaktikoa prestatu dugu", adierazi dute.
Emakume erreferenteen falta
Abertzaletasunari lotutako hitzaldiak "gizon erreferenteen ingurukoak" izango dira. "Tamalez, emakumeen bazterketa historikoak ez du ahalbidetu euskal abertzale erreferente den emakumerik egotea", azaldu dute Naziogintza Taldekoek. Hala ere, 1922an Emakume Abertzale Batza sortu zela eta, haren inguruko saioren bat eskaini nahi dute hurrengo zikloan, eta dagoeneko hasi dituzte haren prestaketa lanak.
"Zorionez, garaiak aldatuz doaz, eta badakit etorkizunean pentsamendu eta praktika abertzalearen erreferente emakumeak ere izango direla, gaur egun jo eta su lanean dihardutenak. Gainera, ziur nago erreferente horiek gizonak beharrean, nagusiki emakumeak izango direla", baieztatu du Karmelo Landak.