Urak baldintzatutako santotomasak ari dira izaten aurtengoak. Hori, ordea, ez da oztopo izan herritarrentzat, eta aterkia eskuan atera dira kalera goizean goiztik. Herritarrak baino lehenago irten dira Izarraitz txistulari taldeko kideak diana eskaintzera, baita Patxi Azkargortaren oroimenezko XI. pilota txapelketako finalak Izarraitz pilotalekuan jokatu dituzten kirolariak ere. Eta noski, ezin aipatu gabe utzi Udal Musika Bandaren, Arrasateko gaiteroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileen kalejira. Haiek, Itsasiko ttuntturroekin batera, kaleak alaitu eta girotu dituzte.
Goiz osoan zehar, Udazkeneko Azoka berezia ere izan da Azoka Plazan. Eguerdia gertutatu ahala herri kirol jaialdia eskaini dute plazan Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariek nahiz Goenatxo III.a, Telleria, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza harri jasotzaileek. Horiek amaitu berritan hasi dira bertsotan Amets Arzallus, Kattin Madariaga, Andoni Rekondo eta Ekhiñe Zapiain.
Antolatutako ekintzei arreta gehiegirik jarri ez dietenak ere izan dira. Izan ere, batzuk nahiago izan dute gaurko eguraldiarekin barruak berotu, talo, pintxo nahiz sagardo pixka batekin. Era batera edo bestera, izan da zer gozatua gaur Azpeitian.