Sansebastianak 2026

Arte eta Diseinu Ikastegiak egingo du sansebastianetako umeen danborradako karroza

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 12a

Aurtengo sansebastianetako umeen danborradako karroza. (Mailo Oiarzabal)

Urolako trena gai hartuta egingo du karroza Arte eta Diseinu Ikastegiak. Bi proiektu aurkeztu dira karroza lehiaketara, eta eskola horrek jaso du puntuaziorik handiena.

Arte eta Diseinu Ikastegia izango da datorren urteko sansebastianetako haurren danborradako karrozaren egilea, Festa, Gazteria eta Hezkuntza Batzordeko kideek hala ebatzita. Udalak jakinarazi duenez, bi proiektu aurkeztu dira lehiaketara, eta eskola horrek jaso du puntuaziorik onena.

Horrenbestez, 1.500 euroko saria jasoko du hark, eta Urolako trena gaia hartuta gauzatuko du proiektua. Izan ere, datorren urteko otsailean ehun urte beteko dira Urolako trenbidea inauguratu zutenetik; eta uztailean, berriz, berrogei urte beteko dira azken bidaia egin zuenetik. Horregatik erabaki zuen udalak datorren urteko sansebastianetan Urolako trenari protagonismoa ematea. 

Ohi bezala, San Sebastian egunez, urtarrilaren 20an, ikusiko du argia Arte eta Diseinu Ikastegiak egindako karrozak, egun horretan egiten duten umeen danborradan. Ordea, otsailaren 15ean ospatuko duten Jai Karnabalean ere aterako dute kalera, artzain-inudeen desfilean. 

Udalak, bestalde, eskerrak eman dizkio lehiaketara aurkeztu den beste sortzaileari ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide