Txotxongilorik ere ez da faltako 43. Euskal Antzerki Topaketetan. Urtero izan ohi dute lekua txotxongiloek Azpeitiko agertokietan; iaz arte, Corrado Masaccik berak sortutakoak jartzen zituen erakusgai Betharrametako aretoan. Hark erretiroa hartu zuen, eta haren lekua itzal txotxongiloek hartu dute aurtengo topaketetan Zurrunka teatroko kideen eskutik.
Joan den aste osoan Itzal Antzerki Laborategia egin zuten Azpeitiko ikastetxeetako 7, 8 eta 9 urteko ikasleek, Betharrametan. Zurrunka teatroa taldeko Eñaut Gorbeak gidatuta, itzal antzerkiaren historia ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, baina ez hori bakarrik, irudimena eta sormena landuz, beren itzal txotxongiloak sortu zituzten. Laborategia hiru ataletan banatuta egin zuten: aurrenekoan, itzal antzerkia aurkeztu zuen Gorbeak, baita haren historia azaldu ere, kobazuloetatik hasi, Txinatik igaro eta gaur egunera arteko ibilbidea azalduz. Bigarren atalean, ikasleek beraiek nahi bezalako itzal txotxongiloak sortu zituzten, eta bukatzeko, eszenatoki txiki batean, eta hainbat argi teknikarekin esperimentatuz, gaztetxoak beren txotxongiloekin jolasean ibili ziren istorio txikiak sortuz.
Masacciren itzala
Laborategiko saioak ikasleek itzal antzerkiari buruz gehiago jakiteko baliagarriak izan direlakoan dago Gorbea: "Ikasleei itzal antzerkia ez zaie hain ezezaguna egiten, baina ez dute erreferentzia handirik". Dena dela, Azpeitiko haurrak txotxongiloak ikustera ohituta daude Zurrunkako taldekidearen ustez; Masaccik utzitako arrastoa antzematen dela azpimarratu du antzerkigileak: "Antzematen da urteetan Corradok [Masacci] txotxongiloak erakutsi dituela topaketetan; hura gogoratzen dute haurrek".
Topaketetako aste honetako eskaintzaren barruan, txotxongiloekin egindako bi antzezlan ikusteko aukera izango da, baita familiei zuzendutako itzal txotxongiloen tailerrean parte hartzekoa ere. Saio hori Zurrunka teatroak eskainiko du bihar, 17:30ean, Dinamoa sormen gunean. Gorbeak aurreratu duenez, oihal handi batekin egingo dute lan: itzal antzerkiaren paisaia handi bat sortuko dute naturako elementuekin eta tailerreko parte hartzaileek sortutako elementuekin.
Txotxongilo antzerkia
Euskal Herria, Gaza eta Afrika lotuko dituzten txotxongiloekin egindako bi lan aukeran izango dira egunotan Euskal Antzerki Topaketetako eskaintzaren barruan. Helduei zuzenduta, gaur Sustrai teatroak Gizon gosetuak lana egingo du, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Antzezlan horretan, Kandido aitonak Eriz bilobari 1936ko gerran bizi izan zuena nahiz Gazan egun gertatzen ari den genozidioa kontatu nahiko dizkio.
Larunbatean, berriz, batik bat mahai txotxongiloak protagonista dituen Gure kanoa lana eskainiko dute Zurrunka teatrokoek, 17:00etan, Soreasu antzokian. Euskal Herriaren eta Afrikaren arteko istorioa da; hala azaldu du Gorbeak: "Arrantza da obraren gaia; iparraldekook hegoaldeko herrialdeetako itsasoetan zer-nolako eragina dugun lantzen da, nola eragiten dugun migrazioan-eta. Modu poetiko fantastikoan landu dugu gaia".
Datozenak:
Antzerki emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.
GAUR, osteguna
19:00. Gizon gosetuak antzezlana, Sustrai teatroarekin. Helduentzat, Dinamoa sormen gunean.
Bihar, ostirala
17:30. Itzal Antzerki Laborategia, Zurrunka teatroaren eskutik. Familiei zuzendutako tailerra da, Dinamoa sormen gunean.
19:00. Rikardo III eta ni antzezlana, Dxusturi teatroarekin eta Horman Posterrekin. Helduentzat, Soreasu antzokian.
Etzi, larunbata
17:00. Gure kanoa antzezlana, Zurrunka teatroarekin. Familientzat, Soreasu antzokian.
Azaroak 16, igandea
19:00. Itzulera antzezlana, Dejabu konpainiarekin. Helduentzat, Soreasu antzokian.