Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Aurrera begirako oroitzea, herriko sortzaileen eskutik

Andoni Elduaien 2025ko ira. 24a, 09:02

Ikuskizunean parte hartuko duten hainbat kide, atzo, Dinamoan. (Andoni Elduaien)

Uraren Lokarriak izeneko herri dinamikak izenburu bereko ikuskizun bat aurkeztuko du urriaren 12an, Soreasu antzokian. Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrena aintzat hartuta, gertakari haien akordutik sortu dute ikuskizuna hainbat diziplinatan aritzen diren herriko sortzaileek. Iraganeko gertakari haietatik etorkizunari begiratzea dute xede.

Hainbat diziplinatan aritzen diren Azpeitiko zenbait sortzailek Uraren lokarriak izeneko ikuskizuna sortu dute. Heri dinamika horretako partaideek ontzen ari diren ikuskizunaren berri eman zuten atzo, asteartea, Dinamoa sormen gunean. Urriaren 12an, igandez, Soreasu antzokian aurkeztuko dute lana jendaurrean. 

Uraren Lokarriak dinamikaren ikuskizunak badu oroimenetik, badu akordutik. Hain justu, duela 50 urte Francoren erregimenak eragindako hilketa "lazgarriak" izango dituzte gogoan, hala nola Txiki eta Otaegirena, eta Baena, Sanchez Bravo zein Garcia Sanz FRAPeko militanteena. Uraren lokarriak ikuskizuna "iraganetik gerora edertasunaren joskintzan egindako ibilbidea" dela azaldu dute sortzaileek. 

Ikuskizunak "auzolan artistikoa" du oinarrian, eta hori hala, "emanaldi berezia" izango da sortzaileen arabera. Herriko hainbat norbanakoren eta talderen gogotik zein ahaleginetik sortua, memoria ariketa kolektiboa egitea dute helburu sortzaileek, geroari, etorkizunari erreparatzeko. "Ariketa herritarra da, aurrera begirako oroitu nahi bat", azaldu dute. Iragana eta geroa uraren lokarriz lotu nahi izan dituzte dinamikan elkartu diren sortzaileek, eta hortik jarri diote izenburua ikuskizunari.

Sortzaile bakoitzak berea emango du Soreasuko oholtzan; izan ere, ikuskizunak hitzak, irudiak, testigantzak, musika, dantzak, antzerkia eta kantua uztartuko ditu, "herritik jasotakoa herriari erakusteko". Ikuskizunaren aurrerapen txiki bat ere eman nahi izan dute sortzaileek, gainera: "Angel Otaegiren Nuarbeko urek, goitik behera, etxez etxe, kostalderaino egingo dute bidea. Han, Txikiren memoriarekin bat egin, eta herri gisa euskaldunok gaurko munduko uretan zer esan eta zer egin dezakegun hausnartzeko printzak plazaratuko ditugu".

Gertaera haietatik honaino, garai hura oroitzetik abiatuta, askotariko herritarren "lana, borroka eta konpromisoa" aintzatetsi nahi dituzte. Egungo eta etorkizuneko Euskal Herriari begiratzeko asmoa ere badu lanak. "Bizi garen artean, egunero esnatzen gara, jakina, baina gertuko bihar batean kontzienteki esnatzea desio dugu, libreago izateko, justiziazko orain bat lortzeko, elkar zainduz, elkarrekin Euskal Herri hobe baten bila. Txiki eta Otaegiren uretatik gatozen bezala, berandu gabe uraren lokarriz josi nahi dugu geroa".

Urriaren 12ko hitzorduaz

Lana urriaren 12an, igandea, eskainiko dute Soreasu antzokian, 12:00etan hasita. Ordubete inguruko ikuskizuna izango dela aurreratu dute dinamikako kideek, eta guztira, 30-40 lagunetik gora igoko dira oholtzara. Emanaldia ikusteko sarrera, gainera, doakoa izango da. Hain justu, ikuskizunerako deialdia eginez txarteltxoak banatuko dituzte sortzaileek etxez etxe. Ikuskizunerako ondu duten irudia ikus daiteke txartelaren alde batean, eta bestean, ikuskizunari buruzko azalpentxo bat irakurri.

Dinamikako kideek herritar oro gonbidatu dute urriaren 12ko hitzordura. "Iragana geure egiten hasi ezean, ez dago oraina duintasunez bizitzeko aukerarik. Inoiz hara iristen bagara, berriz, memoriaren urek eramango gaituzte etorkizunera. Eta ez genuke nahi etorkizunik inor gabe, bakarrik egoteko. Elkarri lotuta gara menderaezinak: uraren lokarriak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide