Azpeitiko Udalak Angel Otaegi oroitzeko ekitaldi instituzionala egingo du datorren ostegunean, irailaren 25ean. Francoren erregimenak hura hil zuela 50 urte beteko dira hilaren 27an, eta urtemugaren harira antolatu du ekitaldia erakundeak; 17:30ean izango da, udaletxeko areto nagusian.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta udaleko zinegotziek Otaegiren senideak hartuko dituzte han, eta gero, udalean ordezkaritza duten bi alderdiek –EH Bilduk eta EAJk– adostu duten adierazpen instituzionala irakurriko du alkateak.
Egun horretan bertan, 18:00etan, Askatasun haizea-Txiki eta Otaegi frankismoaren azken fusilatuak liburua aurkeztuko du Javi Buces Aranzadiko historialariak. Txalaparta argitaletxearekin atera du liburua hark, eta egileaz gain, Maialen Arteagak eta argitaletxeko kideek ere parte hartuko dute aurkezpenean.
Ondoren, 18.30ean, Mikel Paredes Txikiren anaiak eta Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusuak mahai ingurua egingo dute, Miguel Castells abokatuarekin batera. Bucesek gidatuko du solasaldi hori.