Memoria historikoan sakontzen segitzeko hitzarmen berria egin dute udalak eta Aranzadik

Nerea Uranga 2025ko ira. 15a, 16:54

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko kidea. (Nerea Uranga)

Besteak beste, Eusko Gudarosteari buruzko Loiolako erakusketaren liburuxka aterako dute, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzteneko 50. urteurrena gogoan mahai ingurua egingo dute, eta 1936ko gerraren ondorioz Azpeititik erbesteratutako haurren inguruan ikertuko dute. "Egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea" egiazkoak izateko lanean jarraitzeko asmoa du udalak.

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak lankidetza hitzarmen berria egin dute, memoria historikoa ikertzen eta hedatzen jarraitzeko. Bi urteko akordioa da bi erakundeek egin dutena, eta urtero 20.000 euro jarriko ditu udalak, Nagore Alkorta alkatearen esanetan, "gertatutakoan sakontzen eta hedatzen joateko, nahiz egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea egiazkoak egiteko". Memoria historikoaren inguruko lanketa "eguneratzen joatea" inportantea da Alkortaren ustez, eta lan horretan sakontzeko egin dute bi erakundeen arteko akordioa.

Gaur aurkeztu dute hitzarmen berria alkateak eta Aranzadiko Javi Bucesek. Akordio horri esker egingo dituzten zenbait jarduera ere aurreratu dituzte, besteak beste, Loiolan dagoen Eusko Gudarosteari buruzko erakusketaren gaineko liburuxka bat kaleratuko dute, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzteneko 50. urtemuga gogoan liburu aurkezpena eta mahai ingurua egingo dituzte irailaren 25ean, eta 1936ko gerran Azpeititik erbestetaratutako haurren inguruko ikerketa egingo dute.

"Pauso sendoak"

2013an hasi zuten Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlana, eta ordutik "pauso sendoak" eman dituzte memoria historikoaren ikerketan eta hedapenean, Alkortaren arabera. Esaterako, 2020an udalak eta Aranzadik egindako akordioari esker, gerora ezeztatuta utzi zuten azpeitiaoroimena.eus webgunea egin zuten, eta irailaren 19a Azpeitiko Memoriaren Egun izendatu zuten; Memoria Historikoaren Astea ere egun horren bueltan egiten dute. Izan ere, 1936ko irailaren 19an sartu ziren tropa frankistak Azpeitian. 

Bi erakundeen arteko elkarlanari esker, hainbat eta hainbat argitalpen eta jarduera egin dituzte memoria historikoa berreskuratzeko eta hedatzeko, hala nola liburuak, mahai inguruak, hitzaldiak, erakusketak eta webguneak. Bucesek eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari, "Aranzadirengan jarritako konfiantzagatik". Udalarekin berriro lankidetzan jardutea "oso garrantzitsua" dela adierazi du Aranzadikoak "Gogoratu nahi dut Azpeitiko Udalaren eta Aranzadiren urteetako lankidetzari esker, Euskal Herrian Azpeitia izan dela lehenengo herria 1936ko gerra hasi zenetik gaur eguneraino arteko memoria historikoa sakon ikertu duena. Hau da, frankismoa, errepresioa eta azken hamarkadetako biolentzia aztertu ditu, giza eskubideen urraketak eta biktimak identifikatuz", nabarmendu du Bucesek. Azpeitiko oroimen historikoari buruzko webgunea gaur egun "tamalez" itxita egon arren, bertan 800 biktima identifikatuta daudela gogorarazi du Aranzadiko historialariak.

Jarduerak

Akordio berriari esker egingo dituzten zenbait jarduerak ere aurreratu dituzte Aranzadik eta udalak:

  • Eusko Gudarosteari buruzko liburuxka. Eusko Gudarosteari buruzko liburuxka prestatu du Aranzadik lau hizkuntzatan –euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa–. Loiolan dagoen Eusko Gudarosteari buruzko erakusketa errazteko gida dela adierazi du Bucesek. Era horretan, Loiola bisitatzen dutenek eskura izango dute liburuxka hori. Loiolako turismo bulegoan eta beste hainbat tokitan jarriko dute eskuragai.
  • Irailak 19, ostirala. Azpeitiko Memoriaren Eguna. Ostiral honetan, hilak 19, 15:00etan, kanpai hotsekin gogoratuko dute aurten ere tropa frankistak Azpeitian sartu zireneko eguna. "Azpeitiar ugarik alde egin behar izan zuten herritik eta haiek gogoratzeko joko ditugu kanpaiak", azaldu du alkateak.
  • Irailak 25, osteguna. Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urte: liburu aurkezpena eta mahai ingurua. 18:00etan eta 18:30ean, Azoka Plazako aretoan. 18:00etan, Askatasun haizea - Txiki eta Otaegi frankismoaren azken fusilatuak liburua aurkeztuko du Javi Bucesek. Txalaparta argitaletxearekin atera du liburua, eta egileaz gainera Maialen Arteagak eta argitaletxeko kideek parte hartuko dute aurkezpenean. Ondoren, 18.30ean, Mikel Paredes eta Mertxe Urtuzaga senideekin mahai ingurua antolatu dute. Miguel Castells abokatuak ere parte hartuko du Bucesek gidatuko duen solasaldian. "Uda honetan gai horren inguruan izan den polemika alde batera utzita, gure helburua izan da zerbait seriotasunez antolatzea, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzteneko testuinguruaren eta familiek bizi izan zuten sufrimenduaren berri emateko", aurreratu du Aranzadikoak.
  • 1936ko gerran erbesteraturtako haurren inguruko ikerketa. Aranzadik ikerlan horri aurten helduko diola esan du elkarteko kideak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide