Urola Kostan padela nahikoa kirol ezezaguna izan da. Noiz eta nolatan hasi zineten kirol hori praktikatzen?
JOKIN SEGUROLA: Beti gustatu izan zaizkigu palaz edo raketaz aritzeko kirolak, eta Azpeitiko Kirol Patronatuaren pistetan hasi ginen padelean. Kirola ezagutu ahala, interesa areagotu zitzaigun. Dagoeneko hiru urte izango dira profesionalizatzen hasi ginenetik.
AIERT BALERDI: Azpeitiko kiroldegian hasi ginen entrenatzen, han ere ematen baitituzte ikastaroak. Martxa hartu genuenean, ordea, Azpeitiko eskaintza motz geratu zitzaigun, eta Donostiara jo genuen entrenatzera. Orduan ohartu ginen ezagutzen ez genuen beste mundu bat dagoela padelaren atzean: Gipuzkoan eta Bizkaian asko praktikatzen dute kirol hori, nahiz eta Urola Kostan ez dagoen hain zabalduta.
Azken boladan badirudi gero eta jende gehiago aritzen dela padelean. Zuek ere nabartu al duzue gorakada?
J.S.: Guk gorakada Padel Urola gunea irekitzearekin batera nabaritu dugu gehienbat, baita Sugar eskolaren irekierarekin ere. Gero eta jende gehiago ari da padelera gertutatzen eta lehiaketetara animatzen.
A.B.: Azken urteetan Espainian eta mundu mailan gorakada handia izan du padelak, eta hori nabaritu egiten da txapelketetan, publikoan nahiz mugitzen duen jendearengan. Espainia eta Argentina beti izan dira potentzia padelean, baina egun Europa osoan ari da zabaltzen kirola. Gainera, txapelketa ofiziala oso ondo antolatzen dute. Gure inguruan ez dago garatuta padelerako kultura hori, baina Bizkaian urteak daramatzate kirola indartzen, hemen futbolarekin, saskibaloiarekin edo esku pilotarekin egiten duten gisan. Gure helburua, Sugar eskola bezala, padelaren kultura hona gerturatzea da; eskualdean padelerako ohitura eta zaletasuna zabaldu nahi ditugu.
Nolakoa da padela probatzera animatzen diren herritarren profila?
J.S.: Oso profil anitza da, adin eta genero guztietako herritarrak etortzen baitira.
Zein dira padelaren berezitasunak edo pizgarriak?
A.B.: Jokatzeko oso erraza da padela, azkar harrapatzen zaio martxa eta ez du fisikoki ahalegin handiegirik eskatzen. Txikitatik helduarora arte egin daiteke. Gainera, sozializatzeko primerako kirola da.
J.S.: Esaera batek dio padela edonork egin dezakeela, eta gu ados gaude. Kontua da zenbat eta gehiago trebatu, mailaz igotzen zarela, jokoaren erritmoa azkartzen joaten dela eta jokoa teknikoki zaildu egiten dela. Horrek badauka bere xarma.
Jarraitu elkarrizketa ikusten, bideoan.