3indarrok taldeak irabazi du Euskal Herriko IV. Elektrotxaranga Lehiaketa

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 27a, 17:03

3indarrok elektrotxarangako kide batzuk maiatzaren 10ean Azpeitian eskaini zuten emanaldian. (Mailo Oiarzabal)

Iruñerriko elektrotxarangak 5.000 euroko saria jaso eta beste emanaldi bat eskainiko du aurtengo saninazioetan. Iazko irabazleak, Elektrotxuflak, bigarren egin du lehiaketaren laugarren edizio honetan, eta 1.000 euroko saria jasoko du.

Euskal Herriko txoko desberdinetatik Azpeitira etorritako elektrotxarangek sekulako giroa sortu dute azken lau larunbatetan, eta udalak gaur jakinarazi duenez, Iruñera joango da Euskal Herriko IV. Elektrotxaranga Lehiaketako sari nagusia; izan ere, 3indarrok taldea izan da aurtengo txapelduna. Taldeak 5.000 euro jasoko ditu, eta beste emanaldi bat eskainiko du aurtengo saninazioetan. Bigarren postua, halaber, iazko irabazlearentzat izan da; hain zuzen, 1.000 euro jasoko ditu Elektrotxufla taldeak.

Maiatzeko larunbatetan Azpeitiko kaleak aztoratu dituzten zazpi elektrotxarangen maila "oso-oso ona" izan dela azpimarratu dute antolatzaileek. Hala ere, "musikaltasuna, sonoritatea, interakzioa, martxan jotako musika, abestien aniztasuna, euskara, parekidetasuna eta beste irizpide batzuk" kontuan hartuta, epaimahaiak ebatzi du 3indarrok izan dela aurtengo edizioko talderik onena. Iruñeko taldeak maiatzaren 10ean eskaini zuen emanaldia Azpeitian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide