Hanburgesa onenaren txapela jantzi dute Odriozola harategiak eta Da tabernak

Maialen Etxaniz 2025ko mai. 25a, 13:15

Valentin Odriozola hunkituta eta oso pozik agertu zen saria jaso berritan. Odriozolako harakinak adierazi zuenez, ez zuen espero saria jasotzerik. Hala ere, nabarmendu zuen aurkeztu duen haragia berezi prestatu duela, ohikoak ez diren osagaiekin. Aurrerantzean eskuragarri izango da haien harategian. DA tabernakoek ere hanburgesa berezia presatu zuten hitzordurako, osagai bereziekin egindakoa. Ostegunetik aurrera haien eskaintzan gehituko dute. 

Azpeitian gelditu dira hanburgesa txapelketako bi txapelak. Laugarren urtez jarraian, Gipuzkoako hanburgesa txapelketa eta garagardo dastaketa egin dute Azpeitian. Aurten, gainera Azpeitiko hanburgesa onenaren txapelketa ere egin dute, eta bi mailatako txapelak herrian bertan gelditu dira. Izan ere, Azpeitiko Odriozola harategiak irabazi du Gipuzkoako Hanburgesa Txapelketa, eta DA tabernak Azpeitiko hanburgesa onenarena. 
 
Arratsaldean zehar egin zituzten Gipuzkoako harategiek aurkeztutako haragien dastaketak epaimahaikideek, eta 20:30ak aldera jakinarazi zuten zein zen lurraldeko hanburgesa haragirik onena. Guztira, 17 harategi aurkeztu dira aurtengo sariketara, eta epaimahaiak horrela erabakita, Valentin Odriozolak eraman du txapela. Hunkituta eta oso pozik agertu zen saria jaso berritan. Haraginak adierazi zuenez, ez zuen espero saria jasotzerik. Hala ere, nabarmendu zuen aurkeztu duen haragia berezi prestatu duela, ohikoak ez diren osagaiekin. Probatu zuenean goxoa zegoela iritzi zion arren, ez zuen uste saria irabaziko zuenik. Aurrerantzean harategian izango du eskuragarri nahi duen orok eros eta proba dezan. 
 
Gipuzkoako hanburgesa onenaren bigarren saria Ibarrako Tolosa harategiak jaso du eta hirugarrena etxean gelditu da, Azpeitiko Ermela urdaitegiak eraman baitu. Ermelak sari nagusia eraman zuen iaz. 
 

DA tabernakoa, Azpeitiko onena

Azpeitiko hanburgesa onenaren izendapena, berriz, DA tabernak eraman du. Aitor Arangurenek jaso zuen saria tabernaren izenean, eta hark kontatu zuenez, hanburgesa berezia prestatu dute hitzordurako. Besteak beste, focaccia ogia, Xoxote gazta eta txuleta haragia izan dira DA tabernakoek gehitutako osagai berezietako batzuk. Ostegunetik aurrera haien eskaintzan gehituko dutela jakinarazi dute, eta zerrendan mantenduko dute orain arteko eskaintzarekin batera. 
 
Guztira, herriko hamar jatetxe eta taberna aurkeztu dira lehen hanburgesa txapelketara. Bigarren saria Ertz tabernak jaso du eta hirugarrena Mendizabalek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide