Gaur, martxoak 22, 41 urte betetzen dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaian (Gipuzkoa) Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituztenetik; 41 urte bete dira Pasaiako sarraskia jazo zenetik, eta urtero bezala, hildakoen omenezko lore eskaintza egin dute haien senideek eta herritarrek Enparan Dorretxearen ondoko monolitoaren parean. Aurten, larunbata izanik, goizez egin dute besteetan arratsaldez egin ohi duten lore eskaintza, gaur ekitaldi politikoa egingo baitute Azoka Plazan, 19:00etan hasita. Hain zuzen, goizeko ekitaldian arratsaldeko hitzordura bertaratzeko deia egin dute senideek eta lore eskaintzara bertaratu diren herritarrek.
Arratsaldeko ekitaldian "omenaldi berezia" egingo diete Pasaian hil zituztenen gurasoei: "Izan ere, orain dela gutxi hil da Maria Pilar Arbelaitz Pasaiako sarraskian hildakoen azken gurasoa inolako justizia eta aitortza ofizialik ezagutu gabe". Senideez gainera, Anarik eta herriko dantzariek parte hartuko dute ekitaldian. Pasaian hildakoen gurasoak omentzearekin batera, egia, justizia eta aitortza aldarrikatuko dituzte.
Plaka berrituta
Atzo jakinarazi zuten Pasaian hil zituzten lau kideen omenezko oroigarria berritu duela herritar talde batek, duela hainbat hilabete hura erasotu baitzuten ezezagunek. "Pasaian hildakoen senideekin hitz egin ondoren, eta haien oniritziarekin plaka berria jartzea erabaki da urteurrenaren aurretik", azaldu zuten ohar bidez. Enparan Dorretxearen atzeko plaka "behin baino gehiagotan" erasotu dutela salatu izan dute Pasaian hildakoen senideek.
(Argazkiak: Pasaia Argitu)