Egia, aitortza, justizia eta erreparazioa dira indarkerien biktimentzako eskatu ohi direnak. 1984ko martxoaren 22an Espainiako poliziak Pasaiako badiako segadan tiroz hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren, eta Rafael Delas Rafa eta Jose Mari Izura Pelu iruindarren senideek ia hasieratik jakin zuten Pasaian duela 41 urte gertatutakoaren egia. Egia horren lehen aitortza ofiziala, ordea, duela bi egun jaso zuten, Eusko Jaurlaritzak haien senideak motibazio politikoko biktima gisa aitortu dituela jakinarazi zutenean. Eta justiziaren bila borrokan jarraituko dutela berretsi dute gaur Azpeitian Peio Aizpuruk –Kurroren anaia–, Arantxa Isartek –Pelitxoren arreba–, Carlos Delasek –Rafaren anaia– eta Javier Izurak –Peluren anaia–.
Rafael Delas Rafa, 21 bala zulo; Pedro Mari Isart Pelitxo, 28 bala zulo; Jose Mari Izura Pelu, 28 bala zulo; Dioni Aizpuru Kurro, 36 bala zulo. Aspaldiko urteetan hainbestetan erabili eta erakutsi izan dituzten forentseen txostenen irudikapenen lau panel handi atzean dituztela egin dute senideek Jaurlaritzaren aitortzaren gaineko lehen balorazioa egiteko hedabideen aurreko agerraldia. Ebazpen ofiziala, txosten osoa, datorren astelehenera arte –martxoak 24– ez dutela jasoko jakinarazi dute senideek, eta orduan "balorazio sakonagoa" egingo dutela aurreratu dute. Gaur, lauren artean, lehendabizi euskaraz eta gero gaztelaniaz, agerraldirako prestatu duten komunikatua irakurri, eta hainbat hausnarketa egin dituzte kazetarien aurrean.
Orain bai, baina...
"Orain bai, ofizialki, ez zela enfrentamendurik izan eta lau erailketa izan zirela aitortuta gelditu da". Lasaituaren eta pozaren artean hitz egin dute senideek gaur Basazabal jauregian, baina lau hamarkadatik gora lau familiek elkarrekin egin behar izan duten borrokaren bizipenek eta aurkitutako traba guztiek eragindako mina eta nekea ahaztu gabe. "Senide eta lagunontzat oso mingarriak izan dira 41 urteak, gezur ofizialak bata bestearen atzetik, antzutasun judizialak eta tiro egin zutenen zein hori egiteko agindua eman zutenen inpunitateak eraginda", dio irakurri duten komunikatuak.
Prentsaurrekoan behin eta berriz aipatu dituzte inolako aitortzarik jaso gabe hil zaizkien gurasoak. Azkena, Kurroren ama Maria Pilar Arbelaitz, joan den azaroan hil zen. Haren seme Pellok gaur jakinarazi du irailean esan zietela orain iritsi den aitortza bidean zela. "Ama osasunez pattal zebilela" esan zien Aizpuruk Jaurlaritzaren ordezkariei, tramiteak lehenbailehen egiteko eta amari satisfazio hori emateko eskatuz, baina ez zen halakorik gertatu: "Bi-hiru hilabeteko kontua izan behar zena sei hilabetera joan da azkenean, eta txosten ofiziala ez daukagau oraindik eskutan", esan du, minduta, azpeitiarrak.
"Bazen garaia", zioten gaur Pasaiako segadan hildakoen senideek, baina aitortza "berandu" eta gurasoentzat "beranduegi" iritsi dela azpimarratuz. Ildo beretik, "kritika eraikitzailea" egin nahi izan dute, beraiek jaso duten tratua "ez diezaieten eman atzetik etorriko diren estatuaren biktimei".
"Denon lorpena"
41 urteko bidean "instituzioetatik oso laguntza eskasa" jaso dutela berretsi dute senideek, "baina herriarengandik jaso" duten laguntza ez daukate ahazteko.
"Egia jakiteko bidean, borroka eta irmotasunez betetako urteak izan dira. Senideok eta lagunek hasitako bide horretan, ezinbestekoa izan da pertsona askoren maitasun eta laguntza, eta horri esker lortu da oraingo aitortza", diote komunikatuan. Esker on kolektiboaren barruan, "esker berezia" merezi dutenen zerrenda ere aipatu dute: "Esker berezia eman nahi diegu Santi Gonzalez eta Miguel Castells abokatuei, laguntza eman diguten zein bidelagun izan ditugun Azpeitiko, Iruñeko eta Pasaiako herritarrei, Azpeitiko Udalari, Egiari Zor eta Behatokia fundazioei, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen UNESCO Katedrari, Oinatzak Produkzioak-i, El Drogasi (Barricada) zein urteurren ekitaldietan parte hartu duten kultura arloko kide guztiei".
Hain zuzen ere, bidelagun izan dituzten guzti horiek gonbidatu nahi izan dituzte Pasaiako segadaren 41. urteurreneko ekitaldira. Zapatuan 19:00etan izango da hitzordua, Azoka Plazan; biktima izaeraren aitortza ofiziala ezagutu berritan, aurrez ere gurasoei eskainiko zietela jakinarazi zuten aurtengo ekitaldia "berezia" izango dela aitortu dute gaurko agerraldian. Horrekin lotuta, ekitaldiak eta sarraskiaren urteurren egunak bat egingo dutenez, aurten martxoaren 22ko lore eskaintza senide artean egingo dutela esan du Isartek, eta jakinarazi du duela hilabete batzuk erasotu eta hondatu zuten monolitoko plaka berritzeko baliatuko dutela urteurrena. Enparan dorretxearen atzeko zelaian dagoena hori zein Pasaian segada gertatu zen tokian dagoen oroigarria behin baino gehiagotan erasotu izan dituztela eta Jaurlaritzak "inoiz ez" duela eraso horien aipamenik ekarri dute gogora, eta aurrerantzean, aitortza ofizialarekin, hori behintzat aldatzea espero dutela esan dute senideek.
"Hau ez da hemen gelditzen"
Aitortza ofiziala lortu dute, baina justiziarik ez, Pasaiako epaiketarik gabeko exekuzioetan ardura izan zutenek inoiz ez baitute ekintza haiengatik erantzun beharrik izan. Hori dela eta, beren bizitzen urte gehienak hartu dituen borrokan jarraitzeko "konpromisoa" adierazi dute gaur 1984ko martxoaren 22ko biktimen senideek.
"Txostenaren amaieran [Eusko Jaurlaritzaren Balorazio] Batzordeak deia luzatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari Estatuko erakundeei helarazteko biktima gisa errekonozitzea Pasaiako lauak. Guk honakoa gehitu nahi dugu: Espainiako Gobernuak dakiena kontatu behar du, nork, nola eta zergatik agindu zuten gure anaiak erailtzea, eta horretarako behar-beharrezkoa da sekretu ofizialen legea aldatu eta desklasifikatzea; horrela, zoritxarrez gurea bezala argitzeko dauden eta aitortza ofizialik eta justiziarik jaso ez duten hainbat eta hainbat kasuren inguruan egia jakiteko", diote senideek.
Erakundeei dei egin die beste behin Aizpuruk, berak eta beren familiek gainean eraman behar izan duten zama beste inork eraman ez dezan. "Gu aritu ez bagina, zer gertatuko zatekeen? Dena familien gain gelditu behar al da? Ez al dago erakunderik?", bota ditu galderak, gertatutakoaren egia argitzeko eta aitortzeko Pasaian hildakoen lauren familiek eta lagunek 41 urtez borrokatu izan ez balute haien hilketak argitu gabe geldituko liratekeela nabarmentzeko. Ideia berari tiraka, garai beretsuan gertatu eta isilean jarraitzen duten Estatuaren indarkeria kasuak ekarri nahi izan ditu gogora Delasek. "Gu baino okerrago dauden familiak badaude", esan du, Pasaiako lauren senideei orain iritsi zaien aitortzak halakoei ateak irekitzea espero duela gaineratuta.