Motibazio politikoko biktima gisa aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak Pasaiako (Gipuzkoa) sarraskian hildako Dioni Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Delas Txapas iruindarrak. Hildakoen senideek gaur eman dute Jaurlaritzaren erabakiaren berri, hilketen urtemugaren atarian. Izan ere, datorren larunbatean 41 urte beteko dira Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistako lau kideak tiroz hil zituztenetik.
Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak joan zen astean jakinarazi zuenenez, sarraskian hil zituzten kideen gurasoetatik bizirik zen bakarra —Maria Pilar Arbelaitz, Aizpururen ama— "inolako justiziarik eta aitortza ofizialik ezagutu gabe" hil da aurten. Hilketak jazo zirenetik 41 urtera iritsi da Pasaiako badian hildako azpeitiarrentzako eta iruindarrentzako aitortza, eta segada hartaz lau hamarkada pasatxo betetzear direnean.
Txosteneko pasarteak
Hildakoen senideek aitortzaren inguruko aurreneko balorazioa emateko prentsaurrekoa eskainiko dute etzi, Azpeitian. Bien bitartean, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordea hildakoei aitortza eta erreparazioa emateko zertan oinarritu den aurreratu dute, eta azpimarratu dute batzordeak ondorioztatu duela Pasaiako sarraskiko hildakoei bizitzeko eskubidea urratu zitzaiela.
Hala irakur daiteke Jaurlaritzaren txostenean eta senideek hedabideetara bidali duten txostenaren pasartean: "Autopsiak hortxe daude; lau gazte zuloz josita, eta frogarik ez armak erabili zituztela esateko; kontakizun ofizialak kontraesan garbi-garbiak ditu; lekukotzek eta zeharka bildutako datuek zalantza objektiboak eragiten dituzte; polizia-agintariek behin eta berriz uko egin diote esateari nortzuk agindu edo parte hartu zuten gertakari haietan; etengabe ibili dira nahas-mahasean ea lortzen zuten informazioa beranduratzea, oztopatzea eta ezkutatzea; faktore horiek denak ustezko egitateak dira, denak ere, azkenean, argi eta garbi norabide berean doazenak: polizia-operazio omen zena, epaiketaz kanpoko exekuzio bilakatzen da. Espediente honekin batera doan aditu- txosten medikoak berak ere garbi dio badirela gauza batzuk (graziako tiroak; balen kopurua, mota eta ibilbidea; ikerketarik ez eta enfrentamendu zantzurik ere ez) egiaztatzen eta are eta argiago uzten dutenak ziur asko epaiketaz kanpoko exekuzioa izango zela".
Bestalde, Balorazio Batzordeak dioenez, egitateetatik ondorioztatu dute lau lagunek bizitza galdu zutela. "Poliziak nahita eta askoz lehenagotik planifikatutako ekintza baten ondorioz galdu zuten bizitza, eta bizitza kentze hori nahita egindakoa izan zen. Biktimetako hiruk tiro bat garondoan daukatela-eta –graziako tiroetan bezala–, are eta sakonagoa da kezka hori".
Post mortem ikerketa ere jaso du batzordeak txostenean, eta ebatzi du auzia ez zela behar bezala ikertu: "Ez zen aztertu gertakarien lekua, gorpua altxatzea ere eskas eginda dago, ez zen arropa aztertu, eta ez zen azterketa kriminalistikorik ez balistikorik ere egin. Ez zuten begiratu ea biktimaren eskuetan tiro-hondakinik bazegoen. Ez zirenez probak aurkitzen saiatu ere egin, oso zalantzazkoa da ontzian zetozenak su-armak erabiltzera iritsi ote ziren". Era berean, ondorioztatu du ez zela jarrera "proaktiborik" izan ikerketa judiziala bultzatzeko: "Hori garbi dago, Fiskaltzak jarrera proaktiborik batere ez zuen izan han zer gertatu zen argitzeko, eta, inork inolako ikerketa eginbiderik proposatzen bazuen agenteak identifikatzeko edo 1984ko martxoaren 22an Pasaian zer gertatu zen argitzeko, fiskaltzak, ia-ia beti, aurka egin du".
Arrazoi horiek kontuan hartuta, Jaurlaritzaren Balorazio Batzordearen ustez, "bizitzarako giza eskubidearen urraketa nabarmenaren balorazio zehatza" merezi du Pasaiako sarraskian gertatutako "giza eskubide" horrek, eta Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari eskatu die Aizpuru, Isart, Delas eta Izura sar ditzatela biktima gisa aitortzeko jarduera guztietan. Era berean, bi erakundeei gomendatu diete eskaera bera egin diezaietela gainerako erakundeei ere.
Hamarkadetako borroka
1984ko martxoaren 21ean Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, eta bere kideekin Pasaiako badian hitzordua lotzera behartu zuten. Itsasoz iritsi ziren Jimenoren bost kideak Pasai Donibanera, eta tiroka hartu zituzten poliziek. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak bertan hil zituen poliziak; 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Joseba Merino izan zen segadatik bizirik atera zen bakarra. Ordutik, Pasaian hil zituztenen senideek eta lagunek gertatutakoa argitzeko ahaleginean jardun dute.
Justiziaren bidea ez ezik, erakundeena ere urratu dute senideek azken urteetan, baina ez da erraza izan. 2023an biktimen senideek bilera izan zuten Jaurlaritzako teknikariek osatutako batzorde batekin, eta batzarraren bukaeran, txosten bat eman zieten senideei. Txosten hori EHUko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak egindakoa da 2020ko otsailean, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak eskatuta. Txostena aztertuta eta bertan azaltzen diren ondorioak irakurrita, "harrituta" eta "minduta" sentitu ziren senideak: "Nola liteke txosten hau hiru urtez kaxoi batean gordeta izatea? Txostenean idatzita dauden ondorioak jakinda, nola liteke ezer ez egitea edota guri orain arte ez jakinaraztea?". Horren harira, Iñigo Urkullu orduko lehendakariak "barkamena" eskatu zien senideei, txostena "lehenago eta aurrez aurre" ez emateagatik, eta txosten hori ekitaldi publiko batean ez aurkezteagatik.
Larunbatean izango da Pasaiako sarraskiaren 41. urteurrena, eta Pasaiako Sarraskia Argituk ekitaldia antolatu du egun horretarako: Pasaian hildakoen gurasoak omenduko ditu talde horrek, 19:00etan, Azoka Plazan, eta senideek ez ezik, Anarik zein herriko dantzariek parte hartuko dute ekitaldian.