Hierros Servandok 50-60 lanpostu sortzea aurreikusten du Trukutxoko lantegian

Nerea Uranga 2025ko mar. 19a, 15:59

Azpeitia eta Lasao arteko Trukutxo eremuko pabiloiak.

Metalak birziklatzea da Eibarko enpresaren jarduera nagusia, eta lan hori egiteko gaur egun Trukutxon eraikita dauden azpiegiturak balekoak dituela azaldu dio Hierros Servando enpresak Gukari. Batik bat burdina birziklatzen du, baina "burdina ez den materialak ere" birziklatu nahi ditu Azpeitiko lantegian.

Trukutxo eremuko plan partziala behin betiko onartzea erabaki zuen aho batez Azpeitiko Udalak hilaren 11n egindako martxoko ohiko udalbatzarrean. Ondorioz, Hierros Servando enpresak Anardi-Badiolegiko Trukutxo eremuan metalak birziklatzeko jarduera ekonomikoa martxan jarri ahalko du. Izan ere, hori da enpresaren jarduera nagusia eta gauzatzeko asmoa duena. Batez ere burdina da birziklatzen duten materiala, baina "burdina ez den materialak ere" birziklatu asmo dituzte lantegi berrian, hala adierazi dio enpresak Gukari.

Azpeitia eta Lasao arteko lantegia martxan jarri eta lehenengo fasean 50-60 pertsonako lantaldea osatzea aurreikusi du Hierros Servandok. Gerora, "jardueraren eta inbertsioen arabera", lantaldea handitzeko aukera izan dezakete, esan du enpresak.

Trukutxo eremuak 28 hektarea inguru ditu, eta Gallardo Taldea 2006an hasi zen eremu horretan lurrak erosten, eta hainbat azpiegitura eraiki zituen han, Azpeitiko lantegiko labeak eta txatarra parkea hara lekualdatzeko asmoz. Horrenbestez, gaur egun dauden "instalazioak balekoak" dira Hierros Servandoren jarduerarentzat: "Dagoeneko txatartegia eraikita baitago".

Inbertsioa eraikin berrietan eta makinetan

Lantegi berria martxan jartzeko zenbateko inbertsioa egingo duen ez du zehaztu Eibarko enpresak, baina "lantegia onenetakoa eta aurreratuenetakoa" izan dadin, eraikin berrietan eta makinetan inbertituko duela aurreratu du: "Gaur egun dagoenaz gain eraikin berrietan inbertituko dugu, bulegoetan eta birziklatzeko makinetan. Birziklapenean erreferente izan nahi dugu, zerbitzurik onena emanez, hainbat belaunaldietakoen ezagutzarekin. Une oro elkarlanean arituko gara ingurune jasangarri eta eraginkor bat lortzeko".

Hierros Servando enpresak 2022an jakinarazi zuen Corrugados Azpeitia enpresaren Trukutxoko pabiloietan birziklapen lantegia irekitzeko asmoa zuela, baina jarduera ekonomikoa martxan jarri aurretik hainbat auzi argitu eta erabaki hartu behar izan dira. Esaterako, hilabeteetan luzatu zen pabiloiaren salerosketaren negoziazioa. Izan ere, lantegiaren prezioak tirabira sortu zuen aurretik pabiloiaren jabea zen Cristian Lay taldearen eta Hierros Servandoren artean. Azkenean, baina, salmenta prezioaz akordioa lortu eta bertan behera geratu zen auzia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide