Berrikuntza gutxi batzurekin zipriztindutako San Tomas eguna izango da aurtengoa. Etzidamu, zapatuarekin eta asteburu betean, ospatuko dute aurten azpeitiarrek Gabonen atariko festa egun handia. Ohiko osagaiakekin eta jai gosearekin dator, beste behin, abenduaren 21ekoa.
Herriko ikastetxeek eta beste zenbait eragilek txorizoa, taloa eta abarrak dastatzeko plazan jarriko dituzten postuak eta baserritarren azoka berezia, Azoka Plazan, izango dira festaren ardatza goizean eta eguerdian. Ardatz horren bueltan, musikarien kalejirek, pilotari gaztetxoen finalek, herri kirol erakustaldiak edota bertsolarien saioak borobilduko dute jai giroa. Izarraitz txistulari taldeak, Udal Musika Bandak, Arrasateko Gaiteroek, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariek, Gaztetxekoen triki-poteoak eta Itsasiko ttuntturroek jarriko dituzte musika eta erritmoa kaleetan egun luzearen lehen zatian. Bitartean, Izarraitz pilotalekuan, Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketaren X. aldiaren fnalak jokatuko dituzte, 10:00etatik aurrera. Honako pilotariak ariko dira finalean: benjamin aurrekoetan, Lukas Bastida eta Patxi Berasategi Eneritz Aristiren eta Jakes Iriarteren kontra; benjaminetan, banaka Mikel Gurrutxaga Jakes Agirrezabalagaren kontra, eta binaka Aitzol Agirre eta Martin Egiguren Eki Martinezen eta Iraitz Aranagaren aurka; kimuetan, banaka Xuban Arandiak eta Janitz Goenagak, eta binaka Jone Mendizabalek eta Amets Eizmendik jokatuko dute; eta infantiletan, Zuhaitz Labakak eta Julen Montorik Jon Olazabalen eta Adei Lizarralderen kontra.
Eguerdian, plazan, Mikel Larrañaga eta Iker Vicente aizkolariek eta Olaia Esnaola, Jon Unanue Goenatxo III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa harri jasotzaileek eskainiko dute aurtengo herri kirol erakustaldia. Eta herri kirolariek lanak bukatutakoan, bertsolariek hartuko diete lekukoa: Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe, Naia Arrizabalaga, Maddi Aiestaran eta Xabat Illarregi ariko dira bertsotan kioskoan, Xebastian Lizaso aurkezle lanetan dela.
Arratsaldean ere ez da festarako aukerarik faltako. Aspaldiko urteetan DJek hartu dute kioskoa arratsaldetik gauera plaza dantzan jartzeko. Aurten ere Referee DJak eskainiko du saioa kioskoan, baina aurretik, 16:30ean, Obaneuke taldeak erromeria giroz jantziko du plaza; 18:30ean hasiko da, hain zuzen, DJaren emanaldia. Erdikalean, berriz, Orkatz eta Korrale tabernen atarian, Atzarbale txarangakoek jarriko dute festa, 17:30etik aurrera.
Dantzariak izango dira arratsaldeko beste protagonistak. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketak 43. aldia izango du aurttengoa, baina azken urteetan ez bezala, dantzari helduen bikoteak lehiatuko dira, eta ez gaztetxoenak. 18:30etik aurrera, bederatzi bikote lehiatuko dira Soreasu antzokian; horietatik sei dira Azpeitikoak, eta Euskal Herriko txapeldunak ere, Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga, Azpeitian ariko dira. Hauek dira txapelketan parte hartuko duten bikote guztiak: German Aranburu eta Jone Arriaran (Azpeitia), Izaro Arandia eta Hegoa Aizpuru (Azpeitia), Enaitz Segurola eta Malen Arrizabalaga (Azpeitia), Endika Osa eta Mikel Artola (Lezo-Usurbil, Gipuzkoa), Iker Urrestilla eta Leire Urrestilla (Lasao), June Izagirre eta Jare Labaka (Azpeitia), Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga (Bergara, Gipuzkoa), June Elorza eta Elaia Elorza (Azpeitia) eta Iker Zabala eta Nora Aizpuru (Azpeitia).
"Berrikuntza gisa", edoskitze gela gisa egokituko du udalak Goiko Kaleko 2. zenbakiko lokala, eta "lasai egoteko gune bat ere" jarriko du han, 11:00etatik 20:00etara irekita.
Indarkeria matxistaren aurka
Herriko festa egun handietan ohiko bihurtu denez, udalak jai eredu parekidearen aldeko "apustua" egingo du santomasetan.
Saninazioetan bezala, Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie leloarekin, "festa gozagarriak lortzeko ardura herritar guztiona" dela gogoratuko du erakundeak. Era berean, espreski San Tomas egunerako prestatutako kartelak eta pegatinak ere jarriko ditu hainbat puntutan, Txoixokeitan dabillenai, talue leloarekin. Tabernariak ere gonbidatu ditu udalak kanpainarekin bat egitera.
Egitaraua
Hau da, goizetik gauera eta orduz ordu, San Tomas egunaren egutegia:
- 10:00. Diana, Izarraitz txistulari taldearekin.
- 10:00. Patxi Azkargortaren oroimenezko X. Pilota Txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 10:00. Azpeitiko udazkeneko azoka berezia baserriko produktuekin, Azoka Plazan.
- 11:30. Udal Musika Bandaren, Arrasateko Gaiteroen eta Juan Antxieta musika eskolakoen kalejira.
- 11:30. Gaztetxekoen triki-poteoa, Alde Zaharrean.
- 12:00. Itsasiko ttuntturroen kalejira.
- 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Iker Vicente. Harri jasotzaileak: Olaia Esnaola, Jon Unanue Goenatxo III.a, Mikel Lopetegi Urra eta Lierni Osa.
- 12:30. Gaztetxekoak sagardo karroarekin ibiliko dira kalez kale.
- 13:00. Bertsolarien eta trikitilarien saioa, plazako kioskoan. Bertsolariak: Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe, Naia Arrizabalaga, Maddi Aiestaran eta Xabat Illarregi. Aurkezlea: Xebastian Lizaso.
- 16:30. Obaneuke taldearekin erromeria, plazan.
- 17:30. Atzarbale txaranga, orkatz eta Korrale atarian.
- 18:30-20:00. Azpeitiko 43. Dantza Suelto Txapelketa, helduentzat, Soreasu antzokian.
- 20:00-23:00. Referee DJa, plazako kioskoan.