Puja zeremonia eta Azpeitiko mendizaleei omenaldia, Mendietxen

Maialen Etxaniz - Nerea Uranga 2024ko aza. 7a, 11:30

Pasang Temba xerpak gidatu zuen Puja zeremonia, eta ikusmina piztu zuen. Bestalde, Azpeitian ezagun izan ziren mendizaleei omenaldia egin zieten. Haiei eskainitako koadroa aurkeztu zuten Lagun Onak mendi bazkunak eta lanaren autore Maitane Azurmendi artistak. Enekoitz Esnaola kazetariak, bere aldetik, Uztarriak Joxe Urbieta Takoloren inguruan egindako liburuxka biografikoa eman zion Tembari. Esnaolak idatzi zuen liburua. 

Mendietxe museoak ekitaldiak hartzen jarraitzen du. Atzo, hitzordu berezia izan zen bertan; izan ere, Puja zeremonia eta Azpeitiko mendizaleei omenaldia egin zieten. Pasang Temba xerpak gidatu zuen Puja zeremonia, eta ikusmina piztu zuen. Erritu budista da Puja, eta mendira igo aurretik egin ohi da. 

Bestalde, Azpeitiko mendizaleei omenaldia egin zieten, eta haiei eskainitako koadroa aurkeztu zuten Lagun Onak mendi bazkunak nahiz lanaren autore Maitane Azurmendi artistak. Hain zuzen, mendizale ziren Joxe Luis Orbegozo Txitxas, Miguel Angel Aldalur, Joxe Urbieta Takolo, Asier Urkizu Beltza, Iñaki Segurola Xague, Haritz Odriozola, Beñat Arrue eta Benantxio Irureta izan zituzten gogoan. Haien aurpegiak irudikatu ditu Azurmendik Mendietxen zintzilikatutako koadroan.   

Azken egunetan politika, kirol eta enpresa arloko kideek bisitatu dute Mendietxe, eta atzo herritarren txanda izan zen. Asko izan ziren Alex Txikonek sustatutako museoa ikustera animatu ziren herritarrak, gehienentsuenak mendizaletasunari lotutakoak, baita omendutakoen senideak ere. 

Takoloren liburuxka, Pasang Tembari

Atzo Mendietxe atarian egin zen ekitaldiaren ondoren, Enekoitz Esnaola kazetariak Joxe Urbieta Takolo zenari buruzko biografia liburua oparitu zion Pasang Temba xerpari. Esnaolak berak idatzi zuen liburua, eta 2001ean argitaratu zuten (urte horretarako maiatzaren 26an aurkeztu zuten). Uztarriak kaleratutako lehen liburua izan zen Takolorena.

Gukak egindako elkarrizketa batean, Pasang Tembak adierazi zuen "Azpeitia herri berezia" dela berarentzat, Joxe Urbieta Takolorengatik.

Gaur jarraituko dute Mendietxen antolatu dituzten ekintzekin. Manu Cordova alpinista eta eskalatzaileak proiekzioa eta solasaldia eskainiko ditu, 18:00etan hasita. Biharko Sebastian Alvarorekin antolatuta zuten solasaldia atzeratu egin dute, eta oraindik ez dute jakinarazi data berria.  

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide