Ikasleen iritzia, 'Miñan' antzezlana ikusi berritan

Maialen Etxaniz - Nerea Uranga 2024ko urr. 31a, 16:15

Ibrahima Baldek ahoz kontatutakoa idatzi zuen Amets Arzallusek, eta Artedramak oholtzara eraman du orain. Azpeitiko ikastetxeetako ikasleek Miñan obra ikusteko aukera izan dute gaur, Euskal Antzerki Topaketen barruan. Saioa amaitzean, hainbat ikaslek aktoreekin solasteko eta haiei galderak egiteko aukera izan dute. 

42. Euskal Antzerki Topaketak hastear daude, eta herritarrei irekitako emanaldiak bihar hasiko diren arren, Azpeitiko ikastetxeetako DBH3ko ikasleek gaur ere antzerkiaz gozatzeko aukera izan dute. Hain zuzen, uneotan jende askoren ahotan dagoen Miñan antzezlana ikusteko parada izan dute gaur goizean. Artedramak ondu du Ibrahima Balderen bizipenak kontatzen dituen obra, Amets Arzallusek idatzitako liburua ardatz eta oinarri hartuta. Ander Lipus, Sambou Diavy, Mikel Kaye eta Eihara Fernandez de Larrea dira Balderen istorioa oholtzan kontatzen duten aktoreak. Ander Lipus da proiektuaren zuzendaria.  

Ordu eta erdi inguruko obra da Miñan. Emanaldia amaitu berritan, herriko ikasleen aburuak jaso ditu GUKAk. Iritzia partekatzera animatu diren gehienek adierazi dute "gogorra" dela istorioa, baina obra asko gustatu zaiela aitortu dute. Era berean, oholtza hartzen duten lau aktoreen lana nabarmendu eta goraipatu dute. Saioa amaitzean, hainbat ikaslek aktoreekin hitz egiteko eta haiei galderak egiteko aukera izan dute Dinamoa sormen gunean egindako solasaldian. 

Gaur ikasleen aurrean eskaini ostean, bihar emango dute Miñan jendaurrean, 19:00etan hasita, Soreasun. Ikusmina sortu du antzezlanak, eta dagoeneko agortuta daude emanaldirako sarrera guztiak.  

Miñanek irekiko ditu 42. Euskal Antzerki Topaketak, baina datozen egun eta asteetan ere izango da ekitaldirik.

Hona hemen egitaraua, osorik: 

Azaroak 1, ostirala

  • Miñan (Artedrama). 19:00etan, Soreasun.

Azaroak 2, larunbata

  • Txalo saria. Pedro Otaegiri aitortza egiteko ekitaldiaren aurretik, Azketa ahots taldeak kantatuko du, eta Kokoxa taldeak 150 antzeztuko du.12:00etan, Sanagustinen.

Azaroak 3, igandea

  • Non dira haurrak? (Tartean). 19:00etan, Soreasun.

Azaroak 7, osteguna

  • Eukalyptus (Jon Ander Urresti). 19:00etan, Dinamoan.

Azaroak 8, ostirala

  • Ilargiaren alabak (Pez Limbo). 19:00etan, Soreasun.

Azaroak 9, larunbata

  • Gaztetxoentzako txotxongilo tailerra, Topicen eskutik. 11:00etan, Dinamoan (doan izango da, baina aurrez sarrera hartuta).
  • Marmarra (Atx). 19:00etan, Frontoi Txiki ondoan.

Azaroak 10, igandea

  • Zorretan (Hika). 19:00etan, Soreasun.

Azaroak 11, astelehena

  • Zimurrak (Topic). 17:00etan, San Martin egoitzan.

Azaroak 11-15

  • Eskola antzerkia. Egunero, 11:00etan, Soreasun.

Azaroak 14, osteguna

  • Mendia (Talka Obra). 19:00etan, Dinamoan.

Azaroak 16, larunbata

  • Ali Baba eta 40 lapurrak (Borobil). 17:00etan, Soreasun.

Azaroak 17, igandea

  • Postdatarik gabeko gutunak (Xake). 19:00etan, Soreasun.

Azaroak 24, igandea

  • Sorginen baratza (Eromen). 19:00etan, Soreasun.

Azaroak 1-15

  • Erakusketa. Corrado Masacciren 45 urte txotxongiloen artean, Betharramen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide