Gertuko magia gero eta gertuago

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 26a, 09:19

Txisteratik jaialdiaren zortzigarren edizioa hasiko da bihar, gertuko magiaren galarekin. Aurten, mago gazteak nahiz esperientzidunak izango dira protagonistak. Azpeitian izango dira Rubi Ferez eta Juan Capilla. Iagomagok eta Julen Magoak ere ez dute hutsik egingo. Azokara atera dira, herritarrei egitasmoaren berri ematera eta orain arteko ibilbidea errepasatzera. 

Zortzigarren Txisteratik magoen elkargunea eta erakusleihoa izango da, magia eskaintzeko ez ezik, elkarrekin ikasteko aukera ere izango dutelako; izan ere, urteroko errezetari osagai berriak gehitu dizkiote aurten, eta tartean izango da magoei zuzendutako konferentzia berezi bat. Gainera, mago gazteek presentzia nabarmena izango dute. Era berean, azken urteetako edizioetan ateratako argazkiak jarriko dituzte erakusgai Sanagustin kulturgunean. Bihar zabalduko dute erakusketa. 

Irailaren 27an, ostiralez, ekingo diote egitarauari. Hain zuzen, 18:00etan hasita, gertuko magiaren gala eskainiko dute Dinamoa sormen gunean. Julen Magoak gidatuko du saioa, eta bertan parte hartuko dute Euskal Herriko eta Espainiako magoek: Maria Arandiak, Xabi Magoak, Rubi Ferezek eta Juan Capillak. Lau magoek elkarrekin eskainiko dute ikuskizuna, eta gertuko magia egingo dute. Ikusleek "bertatik bertara" jarraitu ahal izango dute emanaldia, gertuko magiaren xarmaz gozatzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide