Miren Arrondo: "Gurea egin behar dugu, aurrean zein dugun begiratu gabe"

Nerea Uranga - Usua Garin 2024ko ira. 20a, 11:36

Entrenatzaile berriarekin estreinatuko du liga igandean Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek. 18:00etan jokatuko du Oiartzun B-ren kontra Garmendipen.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onak taldeko entrenatzaile berria da Miren Arrondo (Idiazabal, Gipuzkoa, 1994). Futbolari ohia eta 15 urtez azpikoen Euskadiko hautatzaile izandakoa da, baita Goierri-Gorri emakumeen futbol klubeko maila baxuagoko taldeak entrenatutakoa ere.

Abuztuaren 21ean hasi zituzten entrenamenduak Lagun Onakekoek, eta denboraldiaurrean lagunarteko hiru partida jokatu dituzte. Liga, berriz, igandean hasiko dute etxean; 18:00etan, Garmendipen jokatuko dute Oiartzun B-ren kontra. Arrondok futbolzaleak animatu ditu beren partidak ikustera eta emakumeen kirola bultzatzera.

Lagun Onakeko nesken talde nagusiaren gidaritza hartu duzu. Zerk animatuta?

Abuztuan, Andoni [Altuna] Lagun Onaken emakumeen kirol zuzendariaren deia jaso nuen entrenatzailea izatea proposatuz. Hark klubaren proiektua zein den kontatu zidan, eta pauso bat aurrera emanez, klubak nesken egitura lantzeko apustua egin nahi zuela. Interesgarria izan zitekeen proiektua zela iruditu zitzaidan, baita parte hartu nahi nuen proiektu bat ere. Gainera, selekzioan egindako lanetik aparte, neuk ere pauso bat aurrera emateko aukera izan nezakeela pentsatu nuen, eta proposamena onartu nuen.

Aurretik ba al zenuen Lagun Onaken berririk?

Lagun Onaken berri bai. Gipuzkoan urte asko eman ditut jokatzen, eta, gero, Euskadi mailan jokatzeko aukera ere izan nuen. Gipuzkoarrok gipuzkoarren berri beti izaten dugu.

Hilabete inguru daramazue asteburuan hasiko duzuen liga prestatzen. Zer moduz?

Ondo. Hilabetea luzea izango dela pentsatzen dugu hasieran, baina, gero, beti motz gelditzen da. Hala ere, ondo joan da. Lehenengo egunetik ideiak lantzen hasi ginen jokalariekin, taldea ari da ideia horiek barneratzen, eta pixkanaka aurrera goaz. Jokatu ditugun hiru partiden artean, lehenengotik azkenekora aldea antzeman da: mugimenduan, taldeen emanean... Alde horretatik, gustura gaude. Oraindik luzea da bidea eta asko daukagu egiteko, baina aurrera egiten ari gara.

Zer-nolako taldea aurkitu duzu? Aurreko sasoitik ia talde osoak segitzen du; hori antzematen al da?

Aurreko denboralditik taldearen blokea mantendu egin dute, eta oso talde direla garbi ikusten da. Elkar ondo ezagutzen dute, eta zentzu horretan, asko laguntzen didate nik haiek ulertzen eta denok elkarrekin bidea egiten. Oso talde den talde bat aurkitu dut Lagun Onaken, eta hori oso inportantea da. Gainera, aurrerapausoa egin nahi duen talde bat da; beraiengandik apustu egin nahi dute lan eginez.

Taldea erabat osatuta al dago ala badu hutsunerik?

Gaur egun 21 jokalari ditugu emakumeen lehen taldean, eta printzipioz, behintzat, horiekin joango gara liga jokatzera. 

Denboraldiaurrean hiru lagunarteko jokatu dituzue, Zumaiakoren, Tolosaren eta Amaika Baten kontra. Hirurak galdu dituzue.

Bai, horixe bera. Futbola momentuek erabakitzen dute; ez da hain erraza. Futbola ez da puntuetan irabazten den zerbait, ez da jokaldi oro puntuatzen, eta azkenean, momentu zehatz batek partida markatzen du. Denboraldiaurrean gehiago begiratzen zaio taldearen jokatzeko erari, mugimenduei... eta ez hainbeste emaitzei. Behin liga hasten denean, ordea, zailagoa izaten da hori, eta emaitzek garrantzi handiagoa hartzen dute. Ikusiko dugu taldearen eboluzioa zein izaten den, aurretik bidea luzea baita. Kontua ez da nola hasten den denboraldiaurrea, eboluzioak berak du garrantzia, eta ni horrekin gelditzen naiz. Denboraldiaurreko emaitzak baino, hiru partida horien artean ikusitako aldea hartzen dut kontuan. Jokalariak ulertzen ari dira zer eta nola egin nahi dugun, eta lehen fase honetan hori da garrantzitsuena.

Zer helburu dituzu denboraldirako?

Klubak planteatu du taldea mantenduta, aurreko denboraldiko emaitzak ikusita eta lortu diren errefortzuak kontuan hartuta, Lagun Onak Euskal Ligara igotzeko moduan egon daitekeen talde bat dela. Beno, momentuak esango digu, eta ez gara itsutu behar hasieratik, bidea oso luzea baita. Asteburuan jokatuko dugu ligako lehen partida, eta helburua kontuan hartuta, lehenengo emaitzak ez badira nahi bezalakoak, ez gara itsutu behar. Pausoak aurrera ematen joan behar dugu, pixkanaka aldea ikusten, eta eboluzio horrek eramango gaitu behar den emaitzak eta helburuak lortzera.

Ligako lehen neurketa etxean duzue igandean, 18:00etan, Oiartzun Bren kontra. Euskal Ligatik jaitsitako taldea da. Nolako partida aurreikusten duzu?

Partida polita izango da. Oiartzun B Euskal Ligako denboraldia egitetik dator Ohorezko Erregional Mailara. Lagun Onaken zuzeneko etsaia izan daiteke. Baina hori ez da muga bat; guk gurea egin behar dugu, aurrean zein dugun begiratu gabe. Gure lana ondo eginez gero, beti aukera gehiago izango ditugu. Horrez gain, futbolzaleak taldeari bultzada ematera deituko nituzke, merezi dutelako. Nesken kirola bultzatzeko, ez du klubak bakarrik eragin behar, herriak ere egin behar du. Harmailetan babesa edukitzeak alde handia eragiten du, eta herritarrak gure partidak ikustera animatuko nituzke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide