Patroiaren egunean ere festa

Andoni Elduaien 2024ko uzt. 31a, 17:40

San Inazio eguna ospatzen ari dira gaur Azpeitiaren, eta goizean korporazioa, prozesioa eta meza izan dira herrian. Musika ere goizean goizetik entzun da kaleetan; izan ere, gaiteroak, txistulariak, musika banda eta txaranga nonahi ikusi eta entzun dira.

San Inazio eguna da gaur, uztailak 31, eta goizean goiz hasi dira Azpeitian festa egitarauari lotutako ekintzak. 09:30 alderako goiz eresiarekin kaleak esnatu dituzte musika bandak, Arrasateko gaiteroek eta Izarraitz txistulari taldekoek, eta atzoko egunari orduak luzatu nahian zebiltzan batzuk ere ibili dira haien atzetik. Erlijio ohiturari eutsiz, berriz, korporazioak udaletxetik Soreasuko Sebastian Donearen parrokia elizara bidea egin du. Nagore Alkorta alkateak eta Leire Goenaga alkateordeak nahiz EAJko zinegotziek parte hartu dute korporazioan. 

Hainbat herritar elizaren atarian bilduta prozesioa hasteko zain zeuden, eta San Inazioren zein Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudiak atera dituzte parrokiatik prozesioa egiteko; ohi bezala, bi irudiak loiolatarrek eraman dituzte. Alde Zaharreko kaleetan egin dute bidea hainbat lagun eliztarrek, Fernando Prado Donostiako gotzainak, Kepa Susperregi erretoreak eta Jesusen Lagundiko hainbat apaizek, besteak beste. 11:00etarako itzuli dira guztiak parrokiara, eguneko meza nagusira. Elizkizunean Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzetako kideek Altunaren Meza abestu dute, Javier Alberdiren gidaritzapean, eta Ignacio Arakistain arduratu da organoa jotzeaz.

Ekitaldi instituzionalak eta elizkizunak ez dira izan, baina, San Inazio eguneko egitasmo bakarrak. Gauerdi txarangak kaleak girotu ditu, eta Udal Musika Bandak Sanagustin kulturgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide