Abanikoak astinduz hasi dira saninazioak

Maialen Etxaniz - Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 30a, 14:44

Beroa, abanikoak, baserritarrak, txupinazoa eta arroxa kolorea. Horiek izan dira San Inazio bezpera goizeko protagonista nagusienak. Haujijijai batzordeko, Udal Musika Bandako eta udaleko ordezkarien adierazpenak, herritarrenak eta txupinazoa bota duten ekoizleenak jaso ditu GUKAk honako bideo honetan. 

Hasi dira saninazioak, bero hasi ere. San Inazio bezperan kolore arroxa izaten da protagonistetako bat, baina gaurkoan abanikoek ere hartu dute haien lekua. 11:00etarako hasi da jendea plazara bertaratzen, Haujijijai festa batzordekoek prestatutako hamaiketakora. Ordurako bero zegoen plazan, eta askok bilatu dute itzala. Haujijijai festa batzordekoei iritsi zaie egindako lanaz gozatzeko aukera, baina datozen egunetan ere izango dute zeregina.

Festa batzordekoek ez ezik, Udal Musika Bandako kideek ere ordu mordoxka pasatu beharko dute kalean, herriko bazterrak eta ekitaldiak musikaz girotzen. 

Eguzki galgatan, txupinazoa ikusteko lehen lerroan jarri denik ere izan da. Beroa bero, hainbat izan dira plazara bertaratu diren herritarrak. 12:00ak hamar gutxi aldera entzun dira lehen tronpeta hotsak, eta jarrain hartu dute hitza aurtengo protagonistek, Azokako ekoizleek. Joritz Igarataundi eta Leire Agirre izan dira hitzartzea egiteaz arduratu direnak, eta haien ondotik hartu du hitza Nagore Alkorta alkateak. Besteak beste, gogoan izan ditu plazan egon ezin izan dutenak, festen antolakuntzan jardun dutenak, etxeetan eta zaintzan lan egin behar izaten dutenak eta baita Palestina ere.  Udal Gobernuko ordezkariez gain, udaletxean izan dira EAJko udal ordezkariak ere, festaz gozatzeko prest.  

Saninazioei hasiera emanda, musika bandaren eta Skapaye elektrotxarangaren doinuekin jarraitu du jaiak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide