Hodei Serranok irabazi du 44. Inazio Deuna Saria txirrindularitza lasterketa

Andoni Elduaien 2024ko uzt. 29a, 10:48

Ordubete, 36 minutu eta 53 segundo behar izan zituen irteera eta helmuga lotzeko irabazleak. Axular Aldazabal izan zen bigarrena eta Eritz Atxega hirugarrena.

Hodei Serranok irabazi du 44. Inazio Deuna Saria txirrindularitza lasterketa. Atzo, igandea, jokatu zuten proba Azpeitia eta Zestoa artean. Guztira, 58 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten lasterketa jokatu zuten 146 txirrindulariek. Guztira, 105 txirrindularik amaitu zuten proba.

Serrano irabazleak ordubete, 36 minutu eta 53 segundo behar izan zituen irteera eta helmuga lotzeko. Haren atzetik bigarren sailkatu zen Axular Aldazabal 15 segundora, eta hirugarren Eritz Atxega 24 segundora. Ia 2 minutuko tartea zabaldu zuen atzoko irabazleak laugarren eta bosgarren sailkatuekiko.

16:00etan abiatu ziren ziklistak Azpeitiko Perez Arregi plazatik eta zuzenean Zestoara zuzendu ziren, han Iraeta zein Arroagoia zeharkatzeko. Handik berriro itzuli ziren Azpeitira eta zeharkaldi motz bat eginda Zestoara joan ziren berriro. Aizarna, Etumeta eta Benta Berri igaro zituzten gero, eta azkenik, Julian Elortza hiribidean amaitu lana.

Honako bideo honetan ikus daitezke atzoko lasterketaren laburpena eta Gastronomiabaska-Liftra-Rosmil taldeko Hodei Serrano txirrindulariaren adierazpenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide