Santio egunak utzitakoak, bideoan

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko uzt. 25a, 18:01

Azpeitira aurrenekoz etorri, eta txapela jantzi dute Oiharte sagardotegikoek. "Pozik" agertu dira saria jaso berritan. Sagardo txapelketaren 50. edizioa izan da gaurkoa, eta ikusten ez diren lanetan egiten dituztenak azaldu dituzte antolatzaileek. Hegaluze pintxoak egiten ibili direnek ere nekatuta bukatu dute goiza. Santio egunak goizetik eguerdira bitarte utzi dituen irudiekin osatutako bideoa da honako hau. 

Beste urte batez, jendetza bildu da Azpeitiko plazan, besteak beste, Euskadiko 27. Blonda Txapelketa, 24. Ardi Gazta Lehiaketa eta 50. Sagardo Txapelketa ikusi eta produktuak dastatzeko. Jan-edanaz gain izan da bestelakorik: Cesar Valverderen Oroimenezko 39. Txapelketaren finalak jokatu dituzte Izarraitzen, Kantujirakoak eta Haujijijaikoak kantu kantari ibili dira kalerik kale eta Urolako Napar Zuzterrak taldeak ekitaldia egin du.

Azpeitiko sariketara lehen aldiz etorrita, Oiharte izan da 50. Sagardo Txapelketaren irabazlea, 137 puntu bilduta. "Sorpresaz" jaso dute saria sagardogileek, eta GUKAri adierazi diote hurrengo urtean berriro itzuliko dela Azpeitiko plazara. Bigarren postua Petritegirentzat izan da, 134 punturekin, eta hirugarren sailkatu da Alorrenea, 133 punturekin. Sari banaketa amaituta, antolatzaileek hainbat aitortza egiteko aprobetxatu dute. Modu horretan, Iker Garate eta Alex Garmendia nahiz Xanti Lazkano eta Joxe Mari Olano omendu dituzte, urteetan zehar Sagardo Txapelketan egindako lanagatik. Garate eta Garmendia sagardoa ateratzen aritzen dira, eta ez dute hutsik egin azken 25 urtetan. Xanti Lazkanok eta Joxe Mari Olanok ere lan mardula egin dute antolakuntzan sariketaren hastapenetatik, eta horiei aitortza egin nahi izan diete. 

24. Ardi Gazta Lehiaketako txapela, berriz, Aizpea gaztandegiak eskuratu du, 329,5 punturekin. Bigarren eta hirugarren postuak Ander Barandiaran (314,25) eta La Leze (311,5) gaztandegientzat izan dira, hurrenez hurren. Hiru irabazleetako inor ez da Azpeitian izan, eta gaztandegien ordezkariak izan dira sariak jaso dituztenak. Urteroko gisan, ikusmina piztu du Euskadiko 27. Blonda Txapelketak, eta jende ugari bertaratu da ganadua ikustera Zelai Luzera eta Astotegira. Sari mordoxka banatu dute, eta Azpeitiko Eizmendi izan da gehien nabarmendu dena. Hark irabazi du ukuilurik onenaren saria, baita haragitarako urruxa onenaren saria ere. 

Argazki bilduma, hemen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide