Estreinatzear daude Esklabetako alokairu sozialeko etxebizitzak

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko uzt. 22a, 15:33

Guztira, 48 etxebizitza egokitu dituzte 7.951 metroko espazioan. Ocisa enpresak egin du obra, eta sei milioi eurotik gorako aurrekontua izan dute lanek. Azpeitiko eta Urola Kostako herritarrek izango dute bertan bizitzeko aukera. 

Obra guztia amaituta, bizitzera sartzeko moduan daude Azpeitiko Esklabetako alokairurako etxebizitzak. 2021ean hasi ziren obrekin, eta ia hiru urteren ostean, bihartik aurrera emango dizkiete giltzak bertan biziko diren pertsonei. Guztira, 48 etxebizitza egin dituzte, logela batekoak zein bikoak. Proiektuaren inguruko xehetasunak emateko agerraldia egin dute gaur Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Patricia Val Alokabideko zuzendari orokorrak. Azpeitiko Udalak eman zion eraikina Eusko Jaurlaritzari, eta azken erakunde horrek egin du proiektua.

Nagore Alkorta alkateak adierazi du, gaurkoa egun pozgarria dela, obrak amaitu direlako eta 36 urte azpiko herritarrek bertan bizitzeko aukera izango dutelako bost urtez. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak ere hartu du hitza, eta hark nabarmendu du etxebizitzak gazteen emantzipazio prozesua errazteko izango direla.

Egokitu dituzten 48 etxebizitzetatik, 31 gela bakarrekoak dira, eta 17 batekoak. Etxebizitzek 25 metro karratutik 60 metro karratura bitarte dituzte. Energia sistema zentralizatua egokitu dute beheko solairuan, eta biomasa kalderarekin funtzionatuko du. Gainera, bizilagunek energia kontsumoa kontrolatzeko aplikazio bat izango dute.

Bihartik aurrera jasoko dituzte giltzak bertan biziko direnek. Dena den, etxe guztiak ez daude esleituta, eta Denis Itxasok jakinarazi duenez, pixkanaka joango dira horiek esleitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide