Azpeitiko Gaztetxearen urteurreneko baltsa jaitsieran, irudimena dantzan

Nerea Uranga - Andoni Elduaien 2024ko uzt. 20a, 15:20

Irudimena dantzan jarrita, herriko askotariko estereotipoak aurkeztu dituzte gazteek Azpeitiko Gaztetxearen 19. urteurreneko baltsa jaitsieran. Txalintxo kuadrillako gazteak iritsi dira amaierara aurrenak, eta Manolitas TGA taldekoak bigarren. 

19. urteurrenaren ospakizunetan Azpeitiko Gaztetxeak antolatuta baltsa jaitsiera egin dute gaur, eta hamasei taldek parte hartu dute. Baltsetarako gaia ‘Azpeitiko estereotipoak' izan da, eta denetariko lanak ikusi dira, besteak beste, zezenketen kontrakoak, kirol probak, mendietan eolikoak jartzearen kontrakoak, potikarroak eta Athleticeko gabarra.

11:00etatik aurrera baltsak erakusgai izan dira herriko plazan, eta parte hartzaileek hamaiketakoa egiteko aukera izan dute. Eguerdia baino lehen abiatu dira gazteak irteerara, eta 12:00etarako baltsa gehienak uretan ziren. 

Suziria botatakoan hasi dira parte hartzaileak Urola ibaiko uretan behera, Azoka Plaza paretik. Nahiko lan izan dute helmugara iristen, ur askorik ez zegoelako. Bultzaka batzuk, tiraka besteak eta lasai-lasai azkenak, gaztetxearen pareraini joan dira guztiak. Jaitsiera hasi aurretik, hainbat ohar azaldu dizkiete antolatzaileek baltsetakoei ura zikin samar zegoelako, besteak beste, tragorik ez egiteko eta azaleko arazorik izanez gero kontu ibiltzeko.

Amaierara iristen aurrenak Txalintxo taldekoak izan dira; mutil kuadrilla horrek orduerdi eskas behar izan du bidea egiteko. Manolitas TGA neska kuadrilla iritsi da bigarren. Postuak postu, umore eta festa giro ona izan da gaurko irabazlea

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide