Arri Odriozola: "Neurrira egindako ezkongaien jantziak modan jartzen ari dira"

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko eka. 19a, 11:00

Modaren munduak harrapatu du Arri Odriozola (Azpeitia, 2001). Informatika gradua albora utzita, moda zein patroigintza ikasketak egin ditu azken urteetan Santanderren eta Hego Korean. Duela gutxi aurkeztu berri du lehen kolekzioa, Nouvelles izenekoa. Ezkongaien soinekoek osatzen dute bilduma, eta eskiaren mundua du oinarri. Azpeitian bertan aurkeztu zuen proiektua, ezagunez eta profesionalez inguratuta. Gaztea izanagatik, zehaztuta ditu helburuak eta erronkak.

Moda diseinatzailea zara; ez daude asko inguru hauetan. Nondik datorkizu modarako zaletasuna?

Ez dakit oso ondo nondik datorkidan zaletasuna. Badakit amonak josten zuela eta nire izeba batek ere bazuela interesa gaian, baina nik ez dut sekula josi izan. DBH 4 mailan Tabakalerara joan ginen orientazio azoka batera, eta orduan hasi nintzen modari lotutako ikasketez galdetzen. Gurasoak harritu egin ziren nire interesa zein zen jakitean, eta ez zioten garrantzi handirik eman. Beraz, Informatika ikasten hasi nintzen unibertsitatean. Ohartu nintzen ezin nuela modaren aukera burutik kendu, eta pandemia garaian Informatika ikasketak uztea erabaki nuen. Gurasoen babesarekin, moda ikasteko unibertsitateetarako sarbideez informatzen hasi nintzen, eta horrela ekin nien moda ikasketei Santanderren [Espainia].

Lau urte eman dituzu han ikasketak egiten. Zer-nolako jakintzak eskuratu dituzu?

Lau urte hauek oso baliagarriak izan dira. Santanderreko unibertsitatean denetarik ikasten da: jantzigintza, artearen historia, kolorearen teoria, patroigintza, inspirazio iturriak... Hala ere, nik aukera izan nuen Hego Koreara joateko, eta han arlo praktikoan sakondu nuen; izan ere, askotariko jantziak egiten ikasi nuen han. Hego Koreara iritsi nintzenean gona bat nola egin justu-justu nekien, eta han gaitasun asko eskuratu nituen. Egun bakarrean zortzi gona egiten genituen, eta bestelakoak egiten ere ikasi genuen: prakak, kamisetak, soinekoak, jertseak... Oso baliagarria izan zen esperientzia hura. Santanderrera bueltan, gelakide guztiak harrituta gelditu ziren geneukan maila ikusita. Urte hauetako esperientziak balio izan dit ohartzeko patroigintza ikaragarri atsegin dudala, zaila den arren.

Emakumeen ezkontzarako kolekzioa aurkeztu berri duzu Azpeitian egindako galan. Nolakoa izan da sormen prozesua?

Oso argi neukan ikasketak amaitzeko ezkongaien soinekoen proiektua egin nahi nuela. Mundu oso berezia iruditzen zait, bezeroarekin konektatzeko eta harekin batera istorio bat sortzeko aukera ematen duena. Beraz, ideia zehaztuta, irakasleekin proiektuari forma ematen hasi nintzen. Nire interesen araberako kolekzioa egin dut, eta eskian oinarritzen da; izan ere, niretzat oso berezia izan da eski kirola: eskiatzerakoan norberak aukeratzen du zer bide egin, zein bihurgune hartu... Idea horietan oinarritzen da kolekzioa, besteak beste. Hausnarketa lana lau hilabetekoa izan zen. Ondoren hasi zen gainerakoa: modeloak aurkitu, patroiak egin, materialak aukeratu, josi, aldatu, berriro josi... Ia urtebete eman dut kolekzioa egiten.

Zer elementu ditu Nouvelles bildumak? Zer material erabili duzu?

Guztira, 30 eredu marraztu nituen, eta horietatik hamar aukeratzeko esan zidaten. Hamar aukeratzea oso zaila zen, egindako eredu guztiak bereziak baitziren. Azkenean, hamabi soineko egin ditut. Materialei dagokienez, hiru oihal mota erabili ditut: mikrosatina, satina eta neoprenoa. Jendea asko harritu da neoprenoa erabili dudalako, baina harrera ona izan du. Oso gustura nago neoprenoak ematen dituen aukerak ezagutu ditudalako; esaterako, ikaragarri gustatzen zait neoprenoak duen erorkera. Baliabide asko behar dira horrelako proiektuak egiteko...

Lanerako espazioa bilatzea izan da zailena; izan ere, oihalekin lan egiteko leku zabalak behar dira, materialak zabaltzeko, probak egiteko, makinak jartzeko...

Santanderren ez ezik, Azpeitian ere behar nuen lanerako lekua, hango egonaldietan lan eginda bakarrik bilduma garaiz bukatzea ezinezkoa zelako. Azkenean, gurasoen laguntzaz, etxean jarri nuen lanerako tailerra.

Izan al duzu erreferenterik edo erreferentziarik?

Egia esan, Cristobal Balentziaga maisua eredua da niretzat. Hark egiten zituen soinekoak ikaragarriak dira. Kalitate aldetik nahiz teknika aldetik bikainak iruditzen zaizkit. Aukera izan dut Balentziagaren lana nahiz goi mailako joskintza aztertzeko, ezkongaien arloa oso lotuta baitago goi mailako joskintzari; izan ere, neurrira egindakoak izaten dira jantzi gehienak, eta teknika aldetik asko zaintzen den arloa da. Beraz, arreta asko jarri dun Balentziagaren lanean.

Balentziagak justuko oihal kantitatea erabiltzen zuen. Erronka zaila al da hori?

Bai, erronka handia da. Bildumako bi soinekotan saiatu naiz erronka horri eusten, eta buruko min handiak eragin dizkit. Justuko oihala erabiliz egin dudan soinekoetako bat da kolekzioko pieza izarra, nire gustukoena eta, era berean, lan gehien eman didana.

Uste duzu zaila dela modaren munduan lekua egitea?

Izena egitea zaila da. Eskala txikian egin daiteke lekua modaren munduan, ahoz ahokoarekin, baina Euskal Herritik kanpo tokia egitea zailagoa da. Dena den, uste dut neurrira egindako ezkongaien jantziak modan jartzen ari direla, eta zentzu horretan, ikusten dut lanerako aukera badudala. Epe ertainera, nire helburua da Azpeitian atelierra irekitzea da. Norabide horretan jarraituko dut lanean.

Galdera eta erantzun gehiago, bideoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide