Soinua eta irudia uztartzen dituen 'Erreaktiboak' tailerra eskainiko dute Dinamoan

Maialen Etxaniz 2024ko mai. 14a, 11:46

Jokin Guridik eskainiko du tailerra, Touchsedigner tresna oinarri hartuta. Saioak maiatzaren 23an, 24an eta 25ean izango dira, eta izen-ematea aurrez egin behar da. Guztira, hamar orduko tailer teoriko-praktikoa izango da. 

Soinu sortzaileei, musikariei eta irudi generatiboan interesa duen edonori zuzendutako ikastaroa antolatu du Kulturaz kooperatibak. Hain zuzen, Erreaktiboak tailerra eskainiko du Jokin Guridi artista bisualak Dinamoa sormen gunean maiatzaren 23an, 24an eta 25ean, eta dagoeneko egin daiteke izen-ematea, kulturaz.eus webgunean. 

"Egungo inguru digitalean soinuek eta irudiek elkar eragiteko duten gaitasuna eta horrek sorkuntzarako eskaintzen dituen aukerak" ikertuko dituzte tailerrean. Sustatzaileek azaldu dutenez, "arte instalazio, performance, bideo mapping, soinu ekintza eta zuzeneko beste hainbat erabilpenetarako eduki erreaktiboa" lantzen ikasiko dute ikastaroan parte hartzen dutenek, "gailu teknologikoen bapateko renderizazioa baliatuz". 

Guztira, 40 orduko ikastaroa izango da, eta teoria nahiz praktika uztartuko ditu. Touchsedigner tresna hartuko dute oinarri tailerrean. 

Guridik zuzeneko bisualen munduan badu esperientzia. Hastapenak Maialen Belaustegiren (Dodoma) eskutik egin zituen 2017an. 2018an hasi zen VideoJockey bezala, Bergarako Elektronika Topaketetetan (BET). 2018an Eyharts proiektua jarri zuen martxan Alayn Carazorekin batera. Dantz eta Olatu Talka festibaletan aritu da, eta baita Kartzela Zaharra, Psilocybe, Seminarixoa espazioetan ere. Haren lanari salto kualitatibo bat eman eta zuzeneko interakzioan sakondu nahian, denbora errealean egindako renderizazioa ikasten ari da pertsonaren eta irudiaren arteko interakzioa sentsoreen bidez, soinuaren eta irudiaren arteko erreakzioa lantzeko. Horretarako Yasushi Harada (Chimanaco) eta Berlingo The Node Instituterekin aritu da lanean.  Gaur egun, Telmo Trenorren Z8rtziko diskoaren aurkezpenetan dabil. Horrez gain, Ke Leporen Izpi diskoa aurkezteko zuzeneko emanaldietan dabil Alejo Orbegozorekin batera, Dinamoan egindako sorkuntza egonaldiaren ostean. Ikusi Orbegozori eta Guridiri egindako elkarrizketa, hemen

EØME erakusketa

Erreaktiboak ikastaroa eskaini ez ezik, EØME erakusketa ondu du Jokin Guridik DOI erakusketa programaren barruan. Hori dela eta, egindako lanak erakusgai jarriko ditu Dinamoa sormen gunean maiatzaren 17tik 31ra bitartean. Hilaren 17an 18:00etan irekiko dute erakusketa, aurkezpen ekitaldiarekin. Bertan izango da Guridi proiektuaren xehetasunak azaltzen.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide