Xaguxatar bidea gehiago ezagutarazteko eta lantzeko, 'Xaguxatar bidea' izeneko liburuxka aurkeztu du Azpeitiko Udalak. Alain Sorasu biologo eta ilustratzaile zientifiko azpeitiarrak ondu du liburuxka, eta marrazkiak baliatu ditu horretarako. Hain zuzen, Xaguxatar bidean kokatutako paneletan bildutako informazioa sakonago azaldu du azpeitiarrak ilustrazio koloretsuen bitartez. Liburuxka ez ezik, animaziozko bi bideo ere egin ditu, eta gustura gelditu da egindako lanarekin. Ekoetxean hasten da Xaguxatar Ibilbidea, eta han aurkeztu dute liburua. Hori dela eta, bertan elkartu gara Sorasurekin, egindako lanaz gehiago jakiteko.