Hikaldia eta Hikapoteoa, Azpeitiko Euskaraldiaren aurtengo bereizgarri

GUKA Telebista 2022ko urr. 7a, 12:07

Azpeitia ere hasi da Euskaraldirako prestatzen. Datorren azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta Azpeitian, lehen hitza beti euskaraz egitearen konpromisoa hartzeaz gain, beste ariketa bat ere egingo dute: Hikaldia. Hitanoaren erabilera sustatzea da ariketaren xedea, eta atzo egin zuten aurkezpena.Bertan izan ziren, Euskaraldiaren dinamizatzaileak, udal ordezkariak nahiz Hikaldiarekin bat egin duten gazteak. Naiara Intxausti da Azpeitiko Euskaraldiaren dinamizatzailea, eta harekin batera eman zituen azalpenak Garbiñe Bereziartuak. Hitanoaren inguruko hainbat azterlan egin ditu Bereziartuak, eta gertutik ezagutzen ditu Azpeitiko joerak. Hika zein noka aritzeko konpromisoa hartu nahi dutenei, sare sozialetan-eta mezu bidez aritzeko gonbita egin diete. Nokan fokua jartzeko ariketa zehatzagoa egingo dute, eta horretarako bikoteak sortuko dituzte Azpeitiko Hikaldiaren egitasmoan izena ematen dutenen artean. kitzhikari batek eta nokazale batek osatuko dute bikotea. Idatziz ez ezik, audio mezuz komunikatzera bultzatu nahi dituzte binakakoak. Euskaraldian izena ematen dutenek izango dute Hikaldian parte hartzeko aukera. Euskaraldiko izen-ematea azaroaren 17an itxiko da. Azpeitian, urriaren 18an, 21ean, 25ean eta azaroaren 1ean jarriko dute izena emateko mahaia herriko plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide