Lizarraren sartzea eginda eta San Joan sua piztuta, sanjoanetan murgildu dira dagoeneko urrestildarrak. Atzo, San Joan bezperarekin, hasi ziren Urrestillako festak eta eguraldi paregabea lagun, dozenaka eta dozenaka herritar elkartu ziren Urrestilako plazan, urteroko usadioa ikusteko asmotan.
Ohi bezala, adin guztietako urrestildarrek eraman zuten san joan zuhaitza plazaraino, musikak lagunduta. Plaza jendez beteta zegoela hasi ziren arbolaren sartzearekin, eta aurreko urtean ez bezala, eguraldi paregabearekin sartu zuten arbola zegokion lekuan. Inguruan, berriz, herritar pila bat elkartu ziren, besteak beste, txosna inguruan edo eliza parean. Txalo zaparrada ederrarekin ospatu zuten zuhaitzaren sartzea.
Ondoren, Txikuri pilotalekuan jarraitu zuen festak, eta bertan, dozenaka herritarren begiradapean, iaz egindako lore sortak sutara bota eta dantza eginez borobildu zuten gaua urrestildarrek.