Azaroak 25 Urola Kostan: Hamaika aldarri, indarkeria matxistaren aurka

GUKA Telebista 2023ko aza. 25a, 21:26

Azaroaren 25a Urola Kostan: Hamaika aldarri, indarkeria matxistaren aurka. Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25, eta beste urte batez kalera atera dituzte aldarriak Urola Kostako herrietan. Mugimendu feministako eragileek eta Itaiak deituta, elkarretaratzeak eta manifestazioak izan dira eskualdean. Orion, bikotekide ohiak Lurdes del Hoyo hil zuen lekuan elkartu dira, Denon bizitzak erdigunean! zioen pankartaren bueltan. del Hoyo hartu dute gogoa. Horrez gain, emakumeek "beren gorputzaren jabe" eta espazio publikoak hartzeko "aske" izan nahi dutela gaineratu dute. Zumaian eta Zarautzen manifestazioak egin dituzte, mugimendu feministak deituta. Azpeitian eta Zestoan, berriz, bina elkarretaratze egin dituzte, bata mugimendu feministak deituta, eta bestea Itaiak. "Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" aldarrikatu ditu mugimendu feministak aurten. Indarkeria matxistak "milaka aurpegi" dituela adierazi dute, eta gogoan izan dituzte 2023an indarkeria matxistaz hildako biktimak. Hainbat datu plazaratu dituzte egoeraren gordina zenbaterainokoa den ikusarazteko. Datu horiek "izebergaren punta" direla azpimarratu dute. Halaber, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren borroka eta ibilbidea" goraipatu dituzte, haien esanetan, mugimenduari esker, "aldaketak" eman direlako jendartean. Nolanahi ere "Sistema kapitalista, hetero-patriarkal, kolonialista eta arrazistak bere horretan jarraitzen duela nabarmendu dute, eta hori borrokatzen jarraituko dutela nabarmenu. Itaiak, bere aldetik, Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki lelopean egin ditu protestak, Zestoan, Azpeitian eta Azkoitian. Emakumeen antolakunde sozialistak adierazi du indarkeria matxistak "forma berriak" hartu dituela, eta horiek guztiak borrokatzearen garrantzian jarri du azpimarra. Era Berean, gogoan izan dituzte aurten indarkeria matxistaren biktima izandako emakume guztiak. Instituzioek hartutako neurriekin zorrotz agertu da Itaia, eta salatu du hartutako neurriek edo egindako erreformek ez dutela "errealitate gordina inolaz" aldatu, eta hainbat adibide eman dituzte. Horrenbestez, instituzioetatik kanpo antolatzearen garrantzia aldarrikatu dute, eta indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko deia egin. Herri guztietan, azaroaren 30ean mobilizatzera deitu dituzte herritarrak. Mugimendu feministak zaintza sistema publiko eta komunitarioa izango du aldarri, eta Itaiak guztientzat kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak aldarrikatuko ditu. Mugimendu feministako eragileek herriz herri askotariko ekimenak egingo dituzte azaroaren 30ean. Itaia, berriz, Donostian mobilizatuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide