Ibaiak gainezka, eta euriak etenik ez

GUKA Telebista 2024ko ots. 27a, 12:24

Euri jasa handiak egin ditu bart, eta Urola ibaiak gainezka egin du herriko hainbat txokotan. Gainera, euriak kalteak eragin ditu zenbait garajetan. Madalenan, goizaldean egin du gainezka ibaiak, eta eremua itxi dute. Hango bizilagunek azaldu dute gauean ura ateratzen jardun dutela egoeraren larria ikusita. Errepideetan kontu handiarekin ibili beharra dago. Azpeitia eta Zestoa arteko errepidean hainbat izan dira urak eragin dituen kalteak, eta errepidea itxita egon da, tarteka. Udaltzainak ari dira trafikoa bideratzen gune horretan. Urrestilla aldera ere putzu handiak daude Larrin eta Aginetxe bitarteko bihurguneetan. Madalena inguruan ez ezik, Enparan kaleko garajeetan eta Jose Artetxe kaleko ibai aldeko garajeetan ere sartu da ura. Horren haritik, Udaltzaingoak ibai ondoetako garajeetatik ibilgailuak ateratzeko eskatu du, eta jakinarazi du erraztasunak emate aldera Jesuitinetako jolaslekua ireki dutela, ibilgailu horiek nahi izanez gero han aparkatzeko. Litro asko ekarri ditu Monika ekaitzak Euskal Herrira, haize zakarrak lagunduta, eta eguerdira arte behintzat euriak mardul botatzen jarraituko duela aurreikusi dute. Euskalmeten arablsdera, Urolako arroan, Ibai Eder estazioa maila laranjara iritsi da goizaldean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide