Eguraldiari aurre eginez eta karrozak nahiz jantziak estreinatuz egin dute kabalkada Errege Magoek

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 5a, 20:30

Eguraldiak baldintzatuta, ohi baino ibilbide laburragoa egin dute gaur Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. Igerilekutik zuzenean plazara joan dira. Jantzi eta karroza berriak estreinatu dituzte gaurkoan, eta karrozek arreta piztu dute. Aurten, gainera, hiru erregeek ez dute karamelorik bota ibilbidean zehar. Dena den, jende ugari bertaratu da desfilea ikustera. 

Euripean iritsi dira Errege Magoak Azpeitira gaur arratsaldean, eta kabalkada ere euritan egin behar izan dute. Eguraldiak baldintzatu du aurtengo kabalkada, baina, behintzat, ez da ezbeharrik izan. Gainera, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek karroza eta jantzi berriak atera dituzte desfilean. Horrek jakin-mina eta arreta piztu du kabalkada ikustera bertaratu diren herritarren artean. 

Ohikoa baino ibilbide laburragoa egin dute hiru erregeek gaurkoan. Hain zuzen, igerilekutik atera dira 19:00etan –oso puntual, gainera–, eta handik zuzenean plazara joan dira. Beste urteetan ez bezala, aurten ez dute gozokirik jaurti ibilbidean zehar, eta izan da horien falta nabaritu duen jenderik. Dena den, asko izan dira desfilea ikustera eta erregeak agurtzera kalera atera diren haurrak eta gurasoak.

Plazara iritsitakoan, udaletxeko balkoira igo dira hiru Errege Magoak, eta handik plazan bildutako ehunka herritarrak agurtu dituzte. Aterkien babesean, jendetza elkartu da plazan. Gaurko gaua ondo igarotzeko eta zintzoak izateko mezuak utzi dituzte Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek. Ondoren, erregeen laguntzaileek karameloak bota dituzte udaletxeko atarian, eta haurrek gogotik gozatu dute haiek harrapatzen.

Aurtengoarekin, erregeen kabalkadak Alde Zaharra igarotzen ez duen bigarren urtea da; izan ere, iaz Baltasarrek izandako istripua tarteko, laburtu egin zuten ibilbidea.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide