Beste urte batez, Azpeitiko eta inguruko herrietako sortzaileek azoka egingo dute larunbatean, hilak 23, Azoka Plazan. Azken aldietan, Orkatz kultur elkarteak antolatu izan du sortzaileen azoka, baina aurten sortzaileei eman die lekukoa. Horrenbestez, haiek ari dira larunbateko ekimena prestatzen, "auzolanean".
Goizez zein arratsaldez egongo da irekita sortzaileen azoka, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara. Guztira, dozena inguru postu jarriko dituzte, eta horietan denetarik eskuratu ahal izango da hala nola, jantziak, bitxiak, liburuak, askotariko apaingarriak, marrazkien laminak etbr.
Honako hauek izango dira azokan parte hartuko duten sortzaileak: Kiribil zeramika, Oihele (oihal organikoaz egindako arropa), Keizpe (irudia), Biziki (moda/jantzigintza), Endredamakina (birziklatutako materialarekin egindako osagarriak), Manex Beristain (liburua eta barreterapia), Magnolia (likora eta mermeladak), Marrak (irudia gauzetan), Harrihari (stringart eta makrame), Izaro Orbegozo (jantzigintza), Ametsen txokoa (eskuz egindako osagarriak), Ana Tena eta Olatz Aguado (bitxigintza).
Azoka larunbatean egingo dutenez, zapatuetan postuak jartzen dituzten baserritarrak ere Azoka Plazan izango dira haien produktuak eta jakiak saltzen.