Herritar gehienek uste dute etxebizitza lortzeko zailtasunak dituztela Azpeitiko gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko mar. 16a, 16:45

Azpeitiko Udalak etxebizitza beharren inguruko ikerketa egin du, herriko etxebizitzen datuak aztertzeko eta herritarren beharrak ezagutzeko. Ikerketa egin duten teknikariek asteazkenean aurkeztuko dute ikerlana udaletxeko aretoan, 19:00etan hasita.

Josu Labaka, Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua zinegotziak ikerketa eskuetan dutela. (Azpeitiko Udala) Azpeitiarren gehiengoarentzat garrantzitsua da etxebizitza eskubidea. Hori da Azpeitiko Udalak egin berri duen etxebizitza beharren inguruko azterketaren ondorioetako bat. Ikerketaren emaitzen arabera, herritar gehienek uste dute asko direla etxebizitza eskuratu nahi baina ezin duten gazteak. Horrez gain, azpeitiarrek uste dute baliabide gutxi dituzten kolektiboei lagundu behar zaiela lehenik, eta %60k gazteetan jarri dute arreta. Bi kolektibo horiez gain, herritarrek uste dute bananduta dauden pertsonei edo seme-alabak etxean dituzten familiei ere lagundu behar zaiela. Herrian egin dituzten inkestetan jasotako emaitzen arabera, %90ek uste dute udalak "ahal duen guztia" egin behar duela herritarren etxebizitza eskubidea bermatzeko. Halaber, udal ordezkariek azaldu dute, etxebizitzaren arloan udalak hartutako neurriak begi onez ikusi dituztela herritar gehienek. Inkesta egin zaien herritarren %75ek esan du etxebizitza hutsak merkaturatzeko hartutako erabakiarekin bat egiten dutela. Udalak joan den irailean hasi zuen etxebizitzen inguruko datuak jasotzeko eta herritarrek horien inguruan dituzten iritziak eta beharrak ezagutzeko azterketa. Batetik, Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta garapenerako behategiak, herriko etxebizitzen inguruko datu objektiboak eta teknikoak aztertu ditu; eta, bestetik, teknikariek ausaz aukeratutako 700 herritarri inkestak egin dizkiete telefono bidez. Jada bukatu dute ikerlana, eta Leire Goenaga zinegotziak esan du "datu interesgarriak" jaso dituztela ikerketari esker. Izan ere, gaur egun 18 eta 34 urte bitarteko 2.500 gazte inguru daude Azpeitian erroldatuta. "Urtez urte gazte kopurua hazten ari da, joaten direnak baino gehiago direlako herrira datozen gazteak. Egun, gazteen %65 bertan jaiotakoak dira, eta datu altua da beste herri batzuekin alderatuta. Horregatik, datozen hamar urteetan gazte kopurua hazi egingo dela aurreikusten dugu". Horrez gain, Goenagak nabarmendu du herriko gazteek Azpeitian bizi nahi dutela, eta Azpeitia ikusten dutela beren etorkizuneko bizileku. Josu Labaka zinegotziak azaldu duenez, orain inkestetako emaitzak lantzea eta erabakiak hartzea dagokio udalari. "Askotan, beste interes batzuen arabera hartu izan dira etxebizitzen gaineko erabakiak, baina guk herritarren interesen araberako erabakiak hartuko ditugu". Hark dio udalaren zereginik garrantzitsuena etxebizitzen inguruko politikak zehaztea eta martxan jartzea dela, "gaur hartutako erabakiek biharko Azpeitia marraztea baldintzatzen" dutelako. Udalak dagoeneko hainbat neurri hartu dituela ere esan du, hala nola etxe hutsen gaineko errekargua ezarrita eta alokairurako diru laguntzak eskainita. Herritarrentzat bilera Inkestak egiten aritu diren teknikariek ikerketaren nondik norakoak eta ondorioak herritarrei azalduko dizkiete datorren asteazkenean. Bilkura udaletxeko areto nagusian izango da, 19:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide