Artxibatu egin dute Garmendipe futbol zelaiko aldagelan agertu ziren zuloen auzia

Julene Frantzesena 2017ko mar. 8a, 10:00

Azpeitiko Epaitegiaren autoak dio ez dagoela "zantzu nahikorik" auzipetuak delitua egin zuela frogatzeko. Lagun Onakek esan du ahal duen guztia egin duela auzia argitzeko.

Garmendipeko aldagela batean agertu ziren zuloak 2015ean. (Julene Frantzesena) Garmendipe futbol zelaiko nesken eta mutilen aldagela batean agertu ziren zuloen auzia artxibatu du Azpeitiko 2. Instrukzio Epaitegiak. Joan den azaroaren 4ko data du urola kostako hitzak eskuratu duen epailearen autoak, eta han jasotzen denez, "ez dago zantzu nahikorik" inputatutako pertsonak delitua egin duela frogatzeko. Gainera, autoak dio ezin dela frogatu auzipetuak egozten zaizkion ekintzak egin dituenik. "Ez da egiaztatu hormako zuloak auzipetuak egin dituenik, eta inork ezin izan du baieztatu neskek zuloetatik begira bitan ikusi zuten pertsona auzipetu hori denik". 2015eko abenduaren bigarren astean jabetu ziren zuloez Lagun Onakeko nesken taldeko jokalari gaztetxoak, eta klubak egunean bertan jarri zuen salaketa Azkoitiko Ertzainetxean. Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen intimitatearen aurkako deliturik izan ote zen aztertzeko, eta auzia artxibatzea erdietsi zuen epaitegiak duela hilabete batzuk. Hainbat diligentzia egin ostean hartu du kasua artxibatzeko erabakia Azpeitiko 2. Instrukzio Epaitegiak. Izan ere, autoan jaso duenez, adin txikiko jokalarien, ertzainen, klubeko langileen eta zuzendaritzako kideen nahiz entrenatzaileen testigantzak jaso dituzte, zuloen egilea eta zuloetatik begira aritu zen pertsona nor zen jakiteko. Horien guztien lekukotzak jasota, epaileak dio ez dagoela "zantzu argirik" ekintza horiek auzipetuak egin zituela frogatzeko. Fiskalak ere kasua artxibatzea galdegin zuen, eta inork ez dio helegiterik jarri artxibatzeari. Egunkari honek 2016ko urtarrilaren 6an eman zuen gertaeraren berri, eta klubeko ordezkariekin jarri zen harremanetan. Futbol taldeko kideek "kezka eta pena" agertu zuten gertaeren aurrean. Kasua artxibatu duten honetan, Mikel Izurieta Lagun Onakeko lehendakariak esan du beren eskuetan zegoen guztia egin dutela zuloak aurkitu zituztenetik. "Ertzaintzari abisatu genion, zuloak tapatu genituen, eta saiatu gara neurriak hartzen halakorik berriz gerta ez dadin". Horrez gain, adierazi du ez direla sartuko xehetasun juridikoetan, baina azaldu du horrelakorik berriz ez gertatzea espero dutela. Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak esan du "zaila" dela balorazio juridikoa egitea, ez dituztelako epaiaren gaineko xehetasun guztiak ezagutzen eta ez dagokiolako udalari balorazio hori egitea. Aitzitik, adierazi du udalari dagokiola balorazio soziala eta politikoa egitea. "Horrelako gertaerak onartezinak dira, salatu egiten ditugu eta berriro ez gertatzeko neurriak hartu ditugu". Gainera, "elkartasuna" adierazi die Elduaienek "erasoa jasan" zuten pertsonei eta haien familiei: "Behar dutenean laguntzen jarraituko dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide