Karmelo Etxegarai Ikastolako ikasleak, gurasoak eta irakasleak eta udal ordezkariak. (Julene Frantzesena)
Udalak herriko ikastetxeetako jolastokiak berritzeko eta egokitzeko prozesua hasi du, eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai izango da horretan lehena. Ikastola horrek Euskal Herrian auzunean duen Haur Hezkuntzako eraikinaren goiko eta beheko jolastokiak berrituko dituzte.
Herriko ikastetxeek nahiz udaleko Hezkuntza eta Parekidetasun sailek duela lau urte sortu zuten Hezkidetza Foroan landutako hainbat proiekturen ondorio da jolastokiak berritzeko egitasmoa. Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, foro horretan jolas kooperatiboak lantzeaz gain, jolas orduak aztertu eta birpentsatu dituzte. "Jolasak, azpiegiturak, jolastokia bera... landu dituzte, eta hortik etorri da jolastokiak berritzeko ideiaren zati handi bat".
Ikastetxeek jolastokiak berritzeko egindako eskaria aztertu ostean erabaki zuen udalak 2017ko aurrekontuetan lan horiek egiteko diru partida txertatzea, Goenagaren arabera, "azken urteotako ibilbideari lotutako pauso logiko eta berritzailea" dela uste dutelako.
Hezkuntza zinegotziak dio ikastetxeak jasotako "beharrak eta nahiak" kontuan hartu dituztela proiektua garatzerakoan. "Gainera, Karmelo Etxegaraiko jolastokia eskolaz kanpoko orduetan erabilera publikoa izango duen gunea denez, herritar ororentzat izango da gunea". Udalak proiektua dagoeneko eginda duela ere azaldu du Goenagak.
Lanen lehen fasea, aurki
Laster hasiko dira 2.675 metro koadroko jolastokia berritzen. Josu Labaka Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, lanak pare bat hilabeteren buruan hastea aurreikusten dute. Berritze, egokitze eta txukuntze lanek bi fase izango dituzte. Lehen fasean irisgarritasunari eta segurtasunari lotutako egokitzapenak eta jolastokia handitzeko lanak egingo dituzte. Batetik, beheko jolastokiko eskailerak kenduko dituzte; bestetik, jolastokiaren barruan sartuko dute beheko gunearen ondoko zelai zatia; eta, gainera, zorua egokituko dute. Labakak azaldu duenez, Karmelo Etxegaraitik jaso zuten eskarietako bat izan zen "elementu naturalak parkearen barruan sartzea".
Proiektua lehiaketa publiko bidez esleituko dute, eta lanak egiteko baldintza agiriak aurki kaleratuko dituztela jakinarazi du Labakak. Hark esan du obrak martxan hasterako ikastetxeko kideekin hitz egingo dutela lanen prozesua eta ikastolaren funtzionamendua nola uztartu.
Parkearen diseinua
Jolastokiaren oinarrizko lanak bukatzean hasiko dute bigarren fasea. Orduan erabakiko dute jolastokiko elementuak zeintzuk izango diren. Karmelo Etxegaraiko gurasoei jolastoki berriaren inguruko galdetegi bat igorri zietela jakinarazi du Kamino Saiz ikastetxeko zuzendariak. Hark azaldu duenez, gurasoek "guztientzako jolastokia" izan behar duela nabarmendu dute. "Naturarekin lotura duen eta kirol motaren arabera banatu gabeko jolastokia nahi dutela adierazi dute". Horrez gain, haurrek ere proposamenak egiteko aukera izan dutela esan du. "Marrazkiak eta maketak egin dituzte". Saizek adierazi du Elkartoki proiektuen sartuta dagoela Karmelo Etxegarai Ikastola, eta haien laguntza ere jasoko dutela esan du jolastokia diseinatzerakoan.
Dagoeneko zehaztu dute jolastokiak zer gune izango dituen: esperimentazio gunea, ezkutalekuena, jokoen lekua, baratzea eta berdeguneak. Halere, erabakitzeko dute gune horietako bakoitzean zer elementu txertatuko dituzten, eta Labakak azaldu duenez, erabaki horiek ere elkarlanean hartuko dituzte. Saizek esan du zenbait gune "auzolanean" egiteko asmoa dutela. "Batetik aurrezteko, eta, bestetik, uste dugulako geuk egindakoa beste modu batera zainduko dugula".
Jolastoki berria datorren ikasturterako prest egongo dela jakinarazi dute udal ordezkariek, eta lanen aurrekontua 127.000 euro ingurukoa izango dela azaldu dute.