Danbor taldeetako eta udaleko ordezkariak aurkezpenean. (Julene Frantzesena)
Astebete baino gutxiago falta da San Sebastian jaietarako, eta prestaketetan murgildu dira dagoeneko azpeitiarrak. Horren erakusle da helduen danborradarako lehen entsegua atzo egin izana. Datorren astean ere egingo dituzte helduek zein haurrek entseguak, eta zenbait berrikuntza ere izango dira aurtengo sansebastianetan. Izan ere, atzo aurkeztu zituzten jaiak udaleko ordezkariek eta danbor taldeetako kideek, eta haiek jakinarazi zituzten aurtengo festetako xehetasunak.
Ehunka lagunek parte hartzen dute helduen danborradan, eta aurten, gainera, talde berri bat aterako da: Iraurgi Saskibaloi Taldea. Hori dela-eta, udalak jakinarazi du «inoizko danborradarik handiena» izango dela San Sebastian bezperakoa, jendeari dagokionez. "1.800 herritar baino gehiagok parte hartuko du desfilean".
Hazparneko gonbidatuak
San Sebastian eguneko haurren danborradan ere gonbidatu bereziak izango dira: Hazparneko ikastetxeetako haurrek talde bat osatuko dute. Izan ere, aurten 30 urte betetzen dira Azpeitia eta Hazparne senidetu zirela. "Urteurren borobil horren aitzakian parte hartuko dute festan Hazparneko haurrek". Gainera, haurren danborradarekin aterako den karroza egiteko gaia ere senidetzearen urtemuga da, eta jantzi batzuk Lapurdiko herri horretatik ekarritakoak izango direla azaldu du Mikel Ibarzabal Festetako zinegotziak. Horrez gain, San Sebastian egunean, Hazparneko hainbat ordezkari etorriko dira herrira, eta haiei harrera egingo zaie udaletxean.
Karroza lehiaketa hutsik gelditu zen, eta udalak Naiara Larrañagari eta Leire Iriarteri eskatu die lan hori egiteko. Bi azpeitiarrek aurretik ere egin dituzte karrozak.
Herritarrei San Sebastian bezperako danborrada udaletxetik ikusteko aukera eskainiko die aurten ere udalak. Hamar lagunek izango dute horretarako parada, eta zozketa bidez aukeratuko dituzte. Dagoeneko eman daiteke izena zozketan parte hartzeko, eta interesatuek udaletxera, 943-15 72 00 telefonora deitu edo
udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi dezakete.
Asteleheneko 12:00etan bukatuko da izena emateko epea, eta 13:00etan egingo dute zozketa udaletxeko areto nagusian. Hautatutako hamar herritarrek 23:30erako udaletxe azpian egon beharko dute hilaren 19an.
40 urte, ikurrina jarri zela
Duela 40 urte San Sebastian egunez legeztatu zuten ikurrina, eta Azpeitian horri lotutako "pasadizo" bat badela gogorarazi du Eneko Etxeberria alkateak. "Azpeitian San Sebastian bezperako arratsaldean jarri zen ikurrina udaletxeko balkoian". Gertaera hura "gogora ekarri" nahi dutela esan du, eta garai hartan udaletxeko balkoitik Imanol Eliasek euskaraz eta Agustin Pratek gaztelaniaz irakurri zuten idazkia oinarri hartuta moldatu duten testua irakurriko dute danborrada hasi aurretik.
Gainera, Quintana de la Serenako (Extremadura, Espainia) Udalarekin harremanak sendotzen jarraitzeko asmoz, herri horretako udal ordezkariak gonbidatu ditu Azpeitiko Udalak banderaren jaitsierara. Joan den irailean, 50eko eta 60ko hamarkadetan, batez ere, Andaluziatik, Extremaduratik eta Galiziatik etorritako herritarrei aitortza egin zien Azpeitiko Udalak. Eneko Etxeberriak azaldu duenez, jatorria Valle de la Serenan duten hainbat azpeitiar gerturatu ziren omenaldi festa hartara, eta "pauso bat gehiago" ematea erabaki dute. Hala, Quintana de la Serenako alkatea eta bi zinegotzi Azpeitian izango dira San Sebastian jaiei bukaera emango dien banderaren jaitsieran.
San Sebastian eguna ostirala egokitzen denez, banderaren jaitsieran ateratzea dagokien sei taldeez gain, beste hainbat ere aterako dira kalera danborrak astintzera. Udalak azaldu duenez, 10-12 talde izango dira.
Asteburuan ere, festa
Ostegunean eta ostiralean izango dira San Sebastian festetako ekitaldi nagusiak, baina asteburuan ere jarraipena izango du jaiak. Zapatuan, esaterako, txu-txu trena ibiliko da herriko kaleetan, egun osoan zehar. Arratsaldean, berriz, haurrentzako puzgarriak izango dira. Gauean, Willis Drummond eta Niña Coyote eta Chico Tornadok kontzertuak eskainiko dituzte Sanasgustin kulturgunean, eta sarrera doakoa izango da.
Igandean ere izango da festa herrian. Izan ere, goizean zezen txikiez eta poniez gozatu ahal izango da, eta arratsalderako sokamuturra antolatu dute.