Kultura zaporeko gozokia

Julene Frantzesena 2016ko abe. 15a, 15:10

Bosgarren urtez jarraian, Kultur Bonoa kaleratu dute Kulturazek eta udalak. Sanagustin kulturgunean eros daiteke jada. 2017an Sanagustinen izango dira Gatibu, Zea Mays, Hesian, Los Chichos...

Kulturaz kooperatibako eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. "Euskal behatokiaren arabera, 80.000 biztanleko herri batek izan ohi duen kultur programazioa daukagu". Xabier Aranbarri Kulturaz kooperatibako kudeatzailearen hitzak dira. Azpeitiaz ari da, 14.500 biztanletik gora dituen herriaz. Ez da kasualitatea, ordea, konparaketa; izan ere, Azpeitiko Udalak eta Kulturazek 180 ekitaldi inguru antolatu dituzte aurten, eta horietan 35.000 ikus-entzule izan dira. Josu Labaka udaleko Kultura batzordeburuak Azpeitiko ekonomian kulturak nola eragin duen azpimarratu du. "Kultur eskaintzak eta Kulturazek modu positiboan eragin dute herrian, eta, batez ere, Alde Zaharrean. Hori lorpena da". Gainera, kultur mugimenduarekin sortutako "elkarlan dinamika" azpimarratu du Labakak: "Elkarlanak eraman gaitu ziurrenik bakarrik eman ezingo genituen urratsak egitera. Egiteko modu berri bat barneratu dugu guztiok, eta horrek, geroz eta pauso edo urrats handiagoak egiteko aukera eskaintzen digu". Datorren urtean ere, bide beretik jarraitzea aurreikusten dute, eta, azken urteetako moduan, Kultur Bonoa kaleratu dute, kultura herritar guztien eskura jartzeko. 2012aren bukaeran kaleratu zuten aurrenekoz bonoa, eta Aranbarrik dioenez, herritarren erantzuna "oso ona" izan da. "Geroz eta azkarrago agortzen dira". Hainbat abantaila 2017rako Kultur Bonoak salgai daude dagoeneko, Sanagustin kulturgunean. 60 euro ordaindu beharko da txartela eskuratzeko, baina ikasleek, langabetuek, jubilatuek eta Gazte Txartela dutenek 30 eurotan eskuratu ahal izango dute. Txartel kopuru mugatua kaleratu dute, eta horiek besterengarriak dira. Honako abantaila hauek eskaintzen ditu: 8 kontzertu doan, antzerki edo dantza ikuskizunak %50eko deskontuarekin, jaialdiak eta topaketak erdi prezioan, eta umeentzako ikuskizunetarako haur eta guraso banaren doako sarrera. Los Chichos, Zea Mays... Kulturaz kooperatibako kideak hasi dira dagoeneko datorren urterako ekitaldiak lotzen, eta ikuskizun, kontzertu eta emanaldi zenbaiten berri eman dute. Besteak beste, honako kontzertu hauez gozatu ahal izango da 2017an: Willis Drumond, Niña Coyote eta Chico Tornado, Los Chichos, Hesian, Zea Mays, Gatibu eta Oskarbi. Gainera, Esto No Es Rock Radical Vasco kontzertua ere izango da. Aipatutako talde horietako askok diskoa aurkeztu berri dute Durangon, eta lan horien zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte Sanagustinen. Kontzertuak ez ezik, antzerkiaz ere gozatu ahal izango da datozen hilabeteetan. Lehen hiruhilekoan Jainko Basatia, Malmo eta Idiot show obrak taularatuko dituzte Soreasu antzokian. Eta umeentzako ikuskizunak ere izango dira, Txiki Biran egitasmoaren barruan. Urtarrilean, esaterako, Ene Kantaken Astonauta ikuskizunaz gozatu ahal  izango da. Arte eszenikoek ere izango dute plaza Azpeitian. Kontzertu, emanaldi, antzerki eta ikuskizun horietako batzuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko. Eta Kultur Bonoa eskuratzen dutenek doan edo deskontuarekin gozatu ahal izango dute horiez guztiez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide