Atzoko plenoan aurrekontuak onartu zituzten unea. (Eli Aizpuru)
Atzo egindako udalbatzarrean onartu zituen Azpeitiko Udalak datorren urterako aurrekontuak, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Aurten baino diru gehiago izango du udalak 2017an: 797.566,2 euro gehiago, hain zuzen. Izan ere, datorren urterako 20.031.082,95 euroko aurrekontua onartu dute; iaz baino %5 handiagoa. Udalaren aurrekontu orokorra da hori, eta udalaren aurrekontu propioak, Euskara eta Kirol patronatuenak eta Iraurgi Berritzenenak biltzen ditu.
Eneko Etxeberria alkatearen ustez, nabarmentzekoa da aurrekontuak aho batez onartu izana. Horrez gain, esan du EH Bilduren Udal Gobernuak, gehiengo osoa izanda ere, "akordioak egiteko gaitasuna" duela. "Margen politikoak irabazi egin ditugu, eta hori ona da herriarentzat". Hark dio babes poltikoaz gain, "babes estrategikoa eta parte-hartzailea" dutela aurrekontuek. Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramaileak esan zuen aurrekontuei aldeko "boto kritikoa" emango zietela. "Lankidetzarako prest" agertu ziren jeltzaleak, eta esan zuen diru publikoaren gaineko "kontrol zorrotza" egin behar dela. Horrez gain, azaldu zuen urte osoan "negoziatu" behar direla inbertsio proiektuak, eta ekarpenak egiteko prest agertu zen EAJko kidea. Parte-hartzeari dagokionez, esan zuen Denon Artean prozesuari "buelta batzuk" eman behar zaizkiola: "Ondo funtzionatzen duten adarrak indartu eta gainerakoak antolatu egin behar dira ondo funtziona dezaten".
Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, udalaren altxortegia "zorionez egoera onean" dago. "Krisi garaian hartutako neurri eraginkorren ondorioz, egoerari buelta ematea lortu dugu". 2011n 5.800.000 eurokoa zen altxortegiko gerakina, eta 2015ean 13.481.000 eurokoa. Horrez gain, zorra gutxitu dutela esan du. "2011n 8.600.000 euroko zorra zuen udalak, eta, gaur egun, 3.254.000 eurokoa".
Etxeberriak esan du Azpeitiko Udalaren datu ekonomiko "onek" eman dutela aukera aurrekontu "irekiak" egiteko. Gainera, sail batzuetan aldaketak egin dituzte, hala nola Hezkuntza eta Euskara sailetatik kendu egin dute formaziorako zenbatekoa, eta Ekonomia sailera bideratu dute.
Herritarrak lehentasun
Azpeitiko Udalak "zuhurtziaz" erabiliko du dirua, eta, horretarako, lehentasun batzuk finkatu dituzte. "Aurrekontuaren igoera hori herritarren beharrak asetzeko erabiliko dugu", azaldu du Elduaienek. Hark dioenez, ekonomia da udalaren lehentasunetako bat: "Ekonomia eta langabezia datuak hobetzen ari dira, baina oraindik asko dago egiteko". Hori dela-eta, udalak erabaki du %11 igotzea Ekonomia, Enplegu eta Formazio sailaren aurrekontua. Horrez gain, "herritarren oinarrizko beharrei" aurre egiteko jauzia egingo dutela azaldu du. "Diru-laguntza berri batzuk kaleratuko ditugu, eta %7 igoko da babes eta eskubide sozialen aurrekontua". Etxeberriak esan du gainerako sailetako zenbatekoek ere gora egingo dutela, oro har.
Datorren urtean hainbat lan egitea ere aurreikusten dute. Batetik, igerilekuaren zati zaharrena berrituko dute, batez ere, energiari dagokionez. Eta Elduaienek esan du hainbat kirol azpiegitura egitea edo berritzea ere ari direla aztertzen. Hondakinak biltzeko txipdun edukiontzi sistema berria ere datorren urtean jarriko dute martxan.
Horiez gain, hirigintza arloan hainbat lan egitea ere aurreikusten dute. Besteak beste, Urrestillako bidegorrian udalari dagokion zatia eraiki, Salbe auzoaren urbanizazioa osatu, Etxe Beltz ondoko zabalgunean aparkalekua moldatu, ikastetxeetako jolastokiak berritu, Alberdienean lur azpiko aparkalekua egin, plaza atondu eta Esklabetako elizaren ondoan parkea eraiki. Etxeberriak esan du «egoera ekonomikoak "ahalbidetu" duela hirigintza proiektuei eustea.