Beldur Barik programa, indarkeriaz hausnartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko aza. 24a, 16:22

Ikastetxeetako bigarren hezkuntzan Beldur Barik programa jarriko dute martxan, gazteekin gaia lantzeko eta hausnartzeko.

Udaleko eta ikastetxeetako ordezkariak. (Julene frantzesena) Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, eta herriko ikastetxeek Eusko Jaurlaritzaren Beldur Barik programa jarriko dute martxan bihar bertan. Ikasleei indarkeria sexista identifikatzen laguntzea eta indarkeriaren inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea dira helburuak. Gaur aurkeztu dute egitasmoa Azpeitiko Udaleko eta herriko hiru ikastetxeetako ordezkariek. Izan ere, udalaren ekimenez jarriko dute martxan egitasmoa Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Urola Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH). Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, "egiturazko indarkeria" da emakumeenganakoa, "emakumeok emakume izate hutsagatik bizitzako esparru guztietan pairatzen duguna". Horregatik, "indarkeria sexista sostengatzen duten norbanakoen eta taldeen portaerak eraldatzea" dute xede. "Tratu onak oinarri hartuta, harremanetarako eta elkarbizitzarako eredu berriak bilatzeko lan egingo dugu". Lau kasu, Azpeitian Gazteengan jarri du arreta udalak, Azpeitiko egungo errealitateari erreparatuta. Eneko Etxeberria alkateak esan du udalak hainbat proiektu eta zerbitzu jarri dituela martxan indarkeriarekin amaitzeko: "Erakundeen arteko koordinazio eta jarduera protokoloa, hezkidetza programa, festetako kanpainak...". Eta pausoak eman badituzte ere, ez direla "nahikoa" esan du. Horri lotuta, herrian indarkeria matxista egon badagoela esan du. "Udaleko Gizarte Zerbitzuek lau kasu artatu dituzte aurten, eta horietatik bi 27 urtez azpiko emakumeak ziren". Alkateak jakinarazi du joera hori "errepikatzen" ari dela azken urteetan. "Gero eta belaunaldi gazteagoetan gertatzen dira indarkeria kasuak". Prebentziorako neurriak "osatzera" dator Beldur Barik. Hala esan du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak. Hark dioenez, bederatzi urte dira udaleko hainbat sail indarkeria matxista sahiesteko hezkidetza programa garatzeko elkarlanean ari direla, eta haiei batuko zaie Beldur Barik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide