Zabalguneko lanen planoa. (Aldundia)
GI-631 errepidean, Azpeititik Zestoara bidean, Ezkuztako harrobiaren ondoko zabalgunea "txukuntzeko eta berrantolatzeko" hainbat lan egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Azpeitiko Udalak egindako eskaerari erantzunez.
Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak jakinarazi duenez, egun zabalgune hori "zenbait material pilatzeko" eta errepidera sartu-irtenak "inolako antolamendurik gabe" egiteko erabiltzen da. Horregatik, zabalgunera sartzeko eta handik irtetzeko gunea egokituko dute. Aldundiak esan du obra horiek tarteko, "maniobrak modu erosoan eta seguruan" egin ahalko direla aurrerantzean.
Gainera, "guneari probetxua ateratzeko" zazpi aparkaleku jarriko dituzte zabalgunean. Horrez gain, gunea drainatzeko hainbat lan egin, eta ibaiaren kanalizazioa hobetuko dute. Gainera, hormigoizko petrila eraikiko dute errekaren eta zabalgunearen artean.
Altuna y Uria enpresak egingo ditu Ezkuztako lanak. Egunotan hasiko dituzte obrak, eta hilabete eta erdian amaituko dituztela aurreikusten du aldundiak. 112.573 euroko aurrekontua dute.
Bestalde, zabalgunearen ondoan hutsik dauden etxeak botatzea aztertzen ari dela adierazi du Azpeitiko Udalak.