UROLA KOSTAKO HITZA diruz laguntzen jarraituko du Azpeitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko aza. 9a, 17:31

Atzoko udalbatzarrean UROLA KOSTAKO HITZA, Uztarria Komunikazio Taldea eta Erlo Telbista diruz laguntzeaz eztabaidatu zuten udaleko bi alderdiek. EH Bilduren aldeko botoekin, iazko diru kopuru bera jasoko dute hiru hedabideek; EAJ abstenitu egin zen. Horrez gain, hainbat obraren gaineko zergan hobariak ezartzea erdietsi zuten bi alderdiek.

Atzo egindako udalbatzarrean Artzubia hiribidearen ondoko plazari Balentina Agirre Elorza izena jartzea erabakitzeaz gain, beste hainbat gai ere izan zituzten hizpide. Besteak beste, UROLA KOSTAKO HITZA, Uztarria Komunikazio Taldea eta Erlo Telebista diruz laguntzeaz aritu ziren. Euskarazko hiru hedabideek hitzarmenak sinatuko dituzte udalarekin, EH Bilduren aldeko botoekin onartu zelako haiei diru-laguntza ematea. EAJ, berriz, abstenitu egin zen. Horrenbestez, Hitzak 27.000 euro jasoko ditu, 31.583,26 euro Uztarriak eta  6.000 euro Erlok. Eneko Etxeberria alkateak esan zuenez, udalak "euskara sustatzea du oinarri", eta hala izan du urteetan. "Egin den lanagatik da Azpeitia, ziurrenik, 5.000 biztanletik gorako herririk euskaldunena, eta ez da kasualitatea. Azpeitia euskararekin lotzen du edozeinek, baina hori ez da zerutik etorri; egin den lanaren emaitza da, eta komunikabide horiek ere lan asko egin dute. Horiei esker ere bada Azpeitia herri euskalduna". Hedabideei "eraginkortasuna exijitu" behar zaiela esan zuen, "erronkak indartsuak" badakiten arren. Hala, diru-laguntzarekin "egiten duten lana aitortu" nahi dietela gaineratu zuen. Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramaileak azaldu zuen ez zutela hitzarmenaren aurka bozkatuko, baina "koherente" jokatuko zutela adierazi zuen, "aurrekontuetan ere abstenitu" egin zirelako: "Beti esaten dugu diru publikoa jasotzen duen orok kontrola izan behar duela, zuk [Etxeberriari zuzenduz] esan duzun bezala, efikazia eskatzeko. Urtean behin batzordean bildu behar genuke hedabide horien egitasmoen berri  izateko, baina nola egiten dutena ez dugun ikusten, abstenitu egingo gara". Hainbat hobari Bestalde, herrian egingo diren hainbat eraikuntzaren, instalazioren eta obraren gaineko zergetan hobariak eskaintzea aho batez onartu zuten udaleko bi alderdiek. Batetik, IES Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIren eraikina handitzeko egingo dituzten lanen gaineko zergari hobaria ezarriko diote; izan ere, dagoeneko jaso du ikastolak lanak egiteko baimena. Horrez gain, Erdikalea kaleko 17 eta 19 zenbakietako orubean etxeak eraikitzeko hobaria jasoko du Arrite SL enpresak. Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuenez, Alde Zaharrean dagoelako jasoko du hobaria. "Gune horretan geldirik dauden etxebizitza sustapenak bultzatuko ditugu. Izan ere, hainbat lan geldirik daude azken urteetan". Gainera, Ormola SL enpresa Azkoitiko Umansoro industrialdetik Azpeitiko Basarte industrialdera lekualdatuko denez, lantegi berria egokitzeko obretan hobaria jasoko du. Etxeberriak azaldu zuenez, enpresa "indartsua" da Ormola, eta "50 bat lanpostu" ekarriko ditu Azpeitira: "Horrek interes sozial handia du. Teknologia oso garatua erabiltzen du plastikozko moldeak egiteko, eta herriarentzat oso-oso garrantzitsua izango da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide