Bertaneko, Berriako, Udaleko eta Bieleko ordezkariak. (Julene Frantzesena)
Berria egunkariak Azpeitian kanpaina berezi bat abiatu du gaur, ostirala, Bertan merkatari elkartearekin elkarlanean eta Azpeitiko Udalak eta Biele enpresak lagunduta.
Erosi Azpeitian 'Berria'-ren eskutik izena jarri diote kanpainari, eta azaroaren 18a bitartean herriko hainbat saltokitan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 1.000 euroko erosketa txartela zozkatuko dute. Azpeitiko 54 merkatari egin dira Berrialagun, eta saltoki horietan egin beharko dira erosketak zozketan parte hartu ahal izateko. Txartel hori Berrialagun egin diren saltokietan gastatu ahal izango du tokatzen zaionak. Kanpaina Biele enpresak lagundu du diruz.
Aurkezpen ekitaldian izan dira
Berriako marketing arduradun Ainara Lasa, Bertan Merkatari Elkarteko kide Maite Martinez eta Xabier Aldalur, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Biele enpresako ordezkari Tomax Letamendia. Lasak,
Berriaren izenean, eskerrak eman dizkie Bertani, udalari eta Bieleri, eta baita Berrialagun egin diren saltoki guztiei ere. Haren arabera,
Berriaren sostengu nagusia da Berrialagunen komunitatea: "Euskarazko egunkariaren historiak erakusten du, eta gaur egun ere hala da, Berrialagunen komunitatea dela Berria proiektuaren sostengu nagusia, eta komunitate horren bultzada ezinbestekoa da egunero euskarazko egunkaria esku artean izan dezagun". Lasak esan duenez, "beste sektore batzuekin elkarlanean arituta eraginkorragoak izan gaitezkeela ikusi dugu, bai komunitatea handitzeari eta bai tokiko merkataritza sustatzeari begira".
Eneko Etxeberria alkateak eskerrak eman dizkio
Berriari, "egiten duen lanagatik". "Azpeitia herri eredugarria da euskararen erabileran, eta horren erakusle da 54 saltokik eta Biele gisako enpresa batek parte hartzea kanpainan". Gainera, euskarazko egunkari bat izatearen garrantzia azpimarratu du: "Euskaldunok paperezko egunkari bat etxean jasotzea gutxieneko beharra da halako herri euskaldun batentzat. Euskarari horrek prestigioa ematen dio, eta derrigorrezko tresna da egunkaria euskararentzat. Beste nazio batzuetan, Galesen edo Galizian adibidez, ez dute halako egunkaririk, eta euskarak behar ditu tresnak, papera, egunkariak, punta-puntan egon behar baitu. Horregatik, egunero egiten duen lanean
Berriari laguntzeko prest gaude.
Bertaneko Xabier Aldalurrek esan du urte osoan zehar hainbat egitasmo antolatzen dituela elkarteak "bertako merkataritza sustatzeko eta egunero-egunero saltokiko pertsiana zabalik mantentzen duten horiei bultzada emateko", eta
Berriari eskerrak eman dizkio, bide horretan, "herriko ekonomia sustatzearen alde" lan egiten duelako. "Oso positiboa da, indarrak ematen dizkigu aurrera egiten segitzeko". Tomax Letamendiak esan du "euskarari bultzada ematea eta Azpeitian bizi eta bertan erostea" garrantzitsuak direlako hartu duela kanpaina babesteko erabakia Bielek.