Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga igo eta gainerakoak izoztu egingo ditu Azpeitiko Udalak 2017an

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko urr. 5a, 16:01

EH Bilduren udal taldeak "egokitu" egin behar izan du OHZ, "Azpeitiaren balio katastrala %5,17 jaitsi delako". Hori dela-eta, herritarren %53ari jaitsi egingo zaio erreziboaren zenbatekoa, eta %47ari igo. Udaleko EH Bilduren udal taldea ez dago ados katastroaren balorazioarekin, eta OHZren igoerak "bidegabe" eragiten dien herritarrentzat diru-laguntzak jarriko dituzte. EAJk desadostasuna agertu zuen OHZren igoeraren aurrean, eta tasa zein zerga guztiak "izozteko" eskatu zuen.

Azpeitia, Takolo baserriaren ondotik ikusita. (Nerea Uranga) Herriaren balio katrastalaren eguneraketa dela-eta, "halabeharrez", Azpeitiko Udalak %5,17 igoko du Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) 2017an. Igoera hori tarteko, herritarren %53ari jaitsi egingo zaio erreziboaren zenbatekoa, eta %47ari igo. Udaleko EH Bilduren udal taldea ez dago ados katastroaren balorazioarekin, eta OHZren igoerak "bidegabe" eragiten dien herritarrentzat diru-laguntzak jarriko dituzte. OHZz gainerako zerga eta tasa guztiak izoztu egingo dituzte. Atzo egin zuten urriko udalbatzarra, eta han erabaki zuten, behin-behinean, 2017rako udal zergen agintaraua, EH Bilduren aldeko botoekin. Estitxu Elduaien Ogasun zinegotziak eman zituen udal gobernuaren proposamenaren gaineko azalpenak, eta, hark azaldu zuenez, OHZ "egokitu" beharra izan dute, Azpeitiaren balio katastrala %5,17 jaitsi delako. "Zerga igoko ez bagenu, 247.000 euro gutxiago jasoko lituzke udalak OHZren bidez. Bi aukera genituen: beste alorren batean murrizketak egin edo OHZ igo. Errekaudazioa mantetzeko justu-justuko igoera da". Elduaienen hitzetan, "bidegabea" da balio katastralaren aldaketa, eta "ezinbestean" igo behar izan dute OHZ. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun departamenduak orain hilabete batzuk egin zuen Gipuzkoako udalerri guztietako higiezinen gaineko katastroa. Horrenbestez, 2016arekin alderatuta, Azpeitiko etxebizitzen, garajeen, trastelekuen, orubeen eta merkataritza lokalen balioa %5,17 jaitsi da. Hori dela eta, auzo batzuetako higiezinen balioa igo egin da, eta beste batzuetakoena, jaitsi. Igo direnen artean dira, Alde Zaharra eta Loiolako Inazio Hiribideko BOEak. Bestalde, industria higiezinen balioa %15 jaitsi da, eta udalak industriaren gaineko OHZ %15 igotzea erdietsi du. Igoera eginda ere, Elduaienek dio ez dela "igoerarik izango erreziboetan". 2001etik eguneratu gabe zegoen neurketa hori, eta udaleko EH Bildu ez dago ados neurketaren emaitzarekin: "Udaberrian jakinarazi zigun aldundiak Azpeitiaren balio katastrala, eta, desadostasuna agertu genien, besteak beste, balorazioa egiterakoan 15 etxeren tasazioak soilik hartu dituztelako kontutan eta udal teknikariekin hitz egin gabe egin dutelako. Beasainen 56 etxe eta Lazkaon 64 hartu dituzte kontuan... Alegazioak aurkeztu eta bilera eskatu genien, baina alegazioak ez zituztela onartzen erantzun ziguten, eta bilerarik ez digute eman". Elduaienen araberaz, saiatu dira "ahalik eta igoera txikiena" egiten: "Nahi genuen herritarrei diru sarreren araberako OHZ aplikatzea. Bizkaian aldatu dute legea, baina Gipuzkoan ez dago hori ahalbidetzen duen Foru Araurik. Hala, herritar guztiei zerga bera kobratu behar zaie". OHZren %5,17ko igoerarekin, herritarren %53ari jaitsi egingo zaio erreziboaren zenbatekoa. Aldiz, %47ari igo. Igotzen zaien horien erdiek iazko zenbatekoa eta beste 25 euro edo gutxiago ordaindu beharko dute; gainerakoek, 25 eurotik gora gehiago. Hori dela eta, "konpentsatzeko", diru-laguntza zehatz batzuk jarriko dituztela azaldu du Elduaienek: "Jakitun gara herritar batzuentzat aldaketa handia izango direla. Legeak ez du uzten zergea honetan hobariak jartzen, eta, horregatik, datorren urtean jarriko dugu diru-laguntza lerro bat, egoera bidegabean direnei laguntzeko". Aldundiak aurki bidaliko ditu etxeetara higiezinen balio berria jakinarazteko dokumentuak, eta herritarrek alegazioak jartzeko aukera izango dute. EAJk "izozteko" eskaera EAJren udal taldeak desadostasuna agertu zuen OHZren igoeraren aurrean, eta zerga oro "izoztea" galdegin zuen. Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak hartu zuen hitza, eta hark esan zuenez, oraindik asko dira "egoera larrian" jarraitzen duten familiak: "Katastroaren berrikuspena egin da, eta balio horiek garbi utzi dute gure herria pobreagoa dela; are gehiago, industria eremua hartzen badugu kontutan". Horregatik, "jendeari egia" esateko eskatu zien EH Bilduko kideei: "Igoerak proposatzen dituzue, eta errazena da esatea zergak eta tasak izoztu egiten direla. Ez da egia, gezurretan ari zarete. Zergak igo nahi dituzue, eta, horretarako, ez kontatu gurekin". Udalak "gerrikoa estutu" behar lukeela uste dute jeltzaleek: "Erantzukizunez jokatzea ditugun baliabideekin ahalik eta kudeaketa onena egitean datza. Jendeari esaten badiogu pobreagoa dela, ezin ditugu zergak igo guk diru kopuru bera lortzeko. Gerrikoa estutu behar izan denean, azpeitiar guztiek egin dute". Gorrotxategik esan zuenez, "legezkoa izan arren, iruzur etikoa" da ondasun baten balioa jaitsi delako zergen bidez balio hori igotzea. Bestalde, lur industrialek izan duten "beherakada ekiditeko", udalak "baliabideak jarri eta esfortzua egin" behar duela esan dute: "Horretarako gure laguntza osoa izango duzue, lanerako asmorik baldin baduzue". Horrez gain, etxe hutsen gaineko zergarekin ados ez daudela jakinarazi zuten jeltzaleek. Gainerako zergak OHZren igoera "salbuespena" da Elduaienen arabera; izan ere, gainerako tasa eta zerga guztiak mantendu edo izoztu egingo dituzte "ezohiko egoera eman delako". Hala eta guztiz, kooperatiben gaineko zerga %50 jaistea  onartu dute, "hainbat eskaera egin dituztelako".  EAJko Gorrotxategik esan zuen, begi onez ikusten dutela "izaera sozialeko enpresei laguntzea". Gainera, orain arte Azpeitiko Kirol Patronatuan 25 urtera arteko langabetuak edo ikasleak sartzen ziren familia txartelean, eta, aurrerantzean, 30 urtera artekoek izango dute horretarako aukera. Hasierako onarpena eman diete, beraz, udal zergei eta tasei, baina aurki alegazioetarako epea zabalduko da. Aurrerago onartuko dituzte horiek, behin betiko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide